Joxan Artze eta ama Benita, orain elkarren ondoan Ataungo Erroiondozar baserrian

Karmen Esteban Artzeren alarguna, oroimenezko ekitaldian/Joxe Begiristain
Karmen Esteban Artzeren alarguna, oroimenezko ekitaldian / Joxe Begiristain

Poetaren ama, Benita Agirre Munduate, Ataun Aiako baserri horretan jaio zen eta lehengo larunbatean oroimenezko plaka ipini zuten

DV

Joxan Artze (1939-2018) eta beronen ama, Benita Agirre Munduate, gogoan izan zituzten lehengo larunbatean Ataun Aiako Erroiondozar baserri ondoan. Bertan jaioa zen Benita, eta Atauniker elkarteak antolatutako oroimenezko ekitaldia xumea izan zen: plaka ipini zen baserriaren paretan (non ama-semeek argazkiak ageri diren), Andoni Salamero poetak Artzeren bi olerki irakurri zituen eta bertaratuek 'Txoria txori' kantatu zuten, Artzeren letrarekin Laboak sortutako abestia, alegia. Artzeren alarguna ere, Carmen Esteban, azaldu zen ekitaldira, eta eskerrak eman Atauniker elkarteko kideei.

Baserrian ezarritako plakan, Joxan Artzek amari buruz idatzitako testu ezagun baten zatia ageri da, lehen-lehenengo bertsioko idazkeran: «Ama / hil zaigu / lanak itota; / lanaren amoreagatik / hil zaigu».

Ataungo Erroiondozar baserrian jarri dute plaka / Joxe Begiristain

Salamerok, berriz, Artzek amari buruz idatzitako beste bi olerki errezitatu zituen. Hona zati bat: «Amaren hitz eta eskuek lehenik, / begiek eta ezpainek gero ziguten / nor ginen erakutsi». Salamero Artzeren adiskide izan zen, eta dizipulu. Aitortu izan du usurbildarraren eragin sakona bai olerkiak egiteko garaian bai errezitatzeko moduan.

Bere bizitzaren azken etapan Joxan Artze urtero joan ohi zen Erroiondozar baserrira, familiartekoak agurtzera, batik bat Pazko egunean. Aste Santua Lazkaon ematen zuen, beneditarren komentuan, eta gero Atauna abiatzen zen. «Berrituta nator», esan ohi zuen.

Gaztetan, Benita Agirre neskame joan zen Usurbila, Olano etxera, hain zuzen, eta han ezagutu zuen gero bere senarra izango zena, Atanasio Artze, erroak Lartzabal baserrian zituena. Gizon honek harategia zeukan herriaren erdigunean. Artzetarrak bizi ziren kalean, beheko aldean, iturria zegoen, eta Benita uretara joaten zenez bertara, Atanasiori atentzioa eman zion. Hori da egungo Artzetarrek kontatzen duten istorioa.

Joxan Artze bera, 2010eko ekainaren 11n Ataunen izan zen bere olerki, hausnarketa eta pentsakizunak azaltzen. Egun berean, hain zuzen, egin zen elkarrekin ekitaldi hartarako argitaratutako olerki hautatuez osaturiko liburuxkaren aurkezpena ere. Ekitaldia hasi aurretik, ordea, bertan itsatsi zion liburuxka bakoitzari, azken orduan etxean aurkituta, 1963an Londresetik amari eskuz idatzitako gutuna. Honela dio eskutitzak, egungo idazkera estandarrera ekarrita:

«Londresen, 18-III-63.

Nere ama:

Ama, Ataunen, orain urte batzuk, arboltxo bat sortu zan, menditxo batzuen tartean. Udaberri hasieraren eguna zan. Urteekin, arboltxo hura handitu eta indartu zanean, haritza zala agertu zen. Ordu ezkeroztik, bai ekaitzak bai mendebalak, bere arbak jipoitu eta zauritu ditu, ez hala bere zainak, hainbikain lurrari josita. Bere hostoak, lurrak hautsez zikintzen ditu, baina euriak garbitu, eguzkiak lehortu eta ilargi eta izarrek bere argiz apaindu. Nahiz urteak igaro hor dago haritza beti gazte eta indartsu, argi eta garbi«.

Jakina, eskutitz horretan bere buruaz ari zen Joxean. Apirilaren 6an jaioa zen, udaberriaren hasieran, gutunean dioen bezalaxe.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos