Jaizkibel aldeko 1903ko troglodita

Oarso aldizkarian jaso dute 'Soinu'-ren istorioa, 'Estampa' aldizkariak argitaratutakoa bere garaian/
Oarso aldizkarian jaso dute 'Soinu'-ren istorioa, 'Estampa' aldizkariak argitaratutakoa bere garaian

Hospizioan jaiotako Prudencio San Sebastián 'Soinu'-k zortzi hilabete eman zituen kobazulo batean, jendearengandik ihesi, lanpernak, lapak eta ardiki gordina janez

Aspaldiko istorio harrigarri bat plazaratu du Errenteriako 'Oarso' urtekariak: 1903ko abenduaren 5ean Jaizkibelgo harkaitzetan karabineroek aurkitu zuten 'troglodita'. Hospizioan jaioa zen, ez zuen gurasorik ezagutu, Prudencio San Sebastián zuen izena, Oiartzuna joan zen bizi izatera mutikotan, baina, bakarrik zegoenez, ez zen moldatzen eta Jaizkibelgo harkaitzetako aterpe batera joan zen bizi izatera 27 urte zituela, lehenengo lanpernak eta karramarroak janez iraun zuelarik, gero harrapatutako ardien haragi gordinarekin moldatu zelarik. Zortzi hilabete egin zituen zibilizaziotik guztiz aparte. 1903an karabineroek handik aterarazi zutenean 28 urteko gizona zen.

'Oarso' aldizkariko artikulua Miguel Los Santos Uhidek idatzi du. 1932an Madrilgo 'Estampa' aldizkariak plazaratu zuen erreportajean oinarritzen da. Erreportaje landua zen, C. del Esla kazetariak Prudencio San Sebastiánekin izandako solasaldia baitzekarren; eta haren zenbait argazki ere bai.

'Estampa' aldizkariko kazetariarekin mintzatu zenean, Prudencio San Sebastián Oiartzunen bizi zen, baina etxe jakinik gabe. Auzo batetik bestera ibiltzen zen eta jendeak 'Soinu' deitzen zion. Hogeitaka urte lehenago Jaizkibelgo harkaitzetatik aterarazi zutenean Donostiako San Antonio Abadea ospitalean sartu zuten, baina han gaizki moldatzen zen: 'Estampa' aldizkariak dioenez, jendearengandik ihesi ibiltzen zen, eta bere kasa garbitzen zituen bere trasteak, handik gertu zegoen iturri batean.

Hona hemen 'Estampa'-ko solasaldiko pasarte batzuk, euskarara ekarrita.

- Makila daramazu. Zakurrak uxatzeko?

- Bai zera zakurrak! Gizakiak gaiztoagoak dira zakurrak baino!

-Egia da Jaizkibelgo kobazulo batean bizi izan zinela?

-Bai, egia da… aspaldi izan zen.

-Eta ardien haragia jan zenuela gordinik?

-Bai, hala da. Zer egin behar nuen, goseak hil?

-Baina zergatik alde egin zenuen mendira, zibilizaziotik urruti?

-Jendea oso gaiztoa delako.

'Soinu' mutikotan azaldu zen Oiartzuna. Madrilgo aldizkariko kazetariari honela azaldu zion bere historia: «Oso persona ahula nintzen eta ezin nuen lanik egin. Eskean hasi nintzen. Jendeak gaizki tratatzen ninduen. 'Alper bat besterik ez zara! Ez dizu lotsa ematen eskean ibiltzeak?', esaten zidaten. Gauzak horrela, askotan jan gabe gelditzen nintzen, gero eta ahulago sentitzen nintzen eta gizakienganako amorru handiagoarekin. Behin, goseak hilko nintzela uste nuen eta belarra jaten hasi nintzen, behiek edo behorrek bezala. Hasieran nazka sentitzen nuen hori jatean, baina gero ohitu eta halaxe jarraitu nuen. Baina ez neukan non babesturik, non lo eginik. Hasi nintzen Jaizkibel aldera joaten, kobazulo bila, eta bat baino gehiago topatu nituen. Gehien gustatu zitzaidana, Hondarribia eta Pasaia artean zegoen bat. Hantxe gelditu nintzen. Lehenbiziko egunetan lapak, lanpernak eta karramarroak janez elikatu nintzen. Lanpernak oso gustuko nituen, baina ikusi nuen horrelako jakiak ez zirela nahikoa, gero eta ahulago nengoela eta, halako batean ardi bat ikusi nuen arroken artean. Bakarrik zegoen, taldetik aparte. Harrapatu nuen eta lepoa moztu labanarekin. Arrastaka, nire aterperaino eraman nuen. Ezin nuen surik piztu, poxpolorik ez neukan eta. Haragi zati bat jan nuen, gordinik, odola zeriola«.

Jan zuen ardiki gordina ase arte, eta gaizkitu. Gaixotu egin zen. Hogei egun iraun omen zion animaliak. Gero beste ardi bat harrapatu zuen, gero beste bat… «Beti gelditzen zen bakarren bat artaldetik aparte, gustatzen zitzaielako beheko arroketara jaistea, itsasoak utzitako gatza miazkatzera».

Arropa urratu eta puskatu zitzaion. «Azkenean, harrapatutako ardien larruarekin babestu behar izan nuen. Ilea eta bizarra asko hazi zitzaidan. Itxura arraroa izango nuen, bai horixe!».

Baina artzainak konturatu ziren ardiak desagertzen ari zirela eta karabineroak eta guardia zibilak bila hasi ziren. Halako batean, kobazulo batean sartu, arrastaka hasi eta Prudencio topatu zuten. «Zer zara, ingelesa? alemana?», esan omen zioten harrapatu zuten karabineroek. Esan bezala, Donostiako ospitale batean sartu zuten, baina han denbora gutxi egin zuen.

C. Del Esla eta 'Soinu'-ren arteko solasaldiko beste pasarte batzuk:

-Nahi duzu asilo batera joan?

-Ez.

-Irakurtzen ba al dakizu?

-Ahaztu zitzaidan.

-Non bizi nahi zenuke?

-Inon ez.

-Beharbada heriotza etortzea nahi duzu.

-Etorriko da nahi duenean.

-Espainiako zer toki ezagutzen dituzu?

-Donostia, Oiartzun, Errenteria, Irun, Hondarribia eta Pasaia.

-Madril eta Bartzelonaren berri ere izango duzu.

-Bai.

-Han bizi nahi zenuke?

-Ez, jende gehiegi dago.

-Esan askotani entzun duzun izen batzuk.

-Manuel Santa Kruz eta Don Carlos.

-Karlista al zara?

-Ni gizajo bat besterik ez naiz!

Temas

Euskera