«Irun harro bat ari gara ezagutzen»
Ekimenaren 23. edizioari hasiera emateko aukeratutako puntua izateak ilusioa piztu du herriko euskaldunen artean, Irungo AEK-ko kideek egiaztatu ahal izan dutenez
Egin dugun zailena izan da». Irungo AEK-ko Mattin Sorzabalbere eta Maddi Sanz ez dira kilometroak banatzeaz, ibilbidea planifikatzeaz edo aldez aurreko ekitaldi guztiak antolatzeaz ari, baizik eta sekretua urtebetez baino gehiago gordetzeaz. Duela urte eta erdi haiek dagoeneko bazekiten biharkoa egun historikoa izango zela Irunentzat, baina joan den azaroaren 16a arte ezin izan zuten hitzik ere esan. Egun horretan publiko egin zen Irun izango zela 23. Korrikaren abiapuntua.
Apur bat lehenago, irailean, informazio hori hiriko agente batzuekin partekatzen hasi ziren, «baina sekretupean», argitzen du Irungo AEK-ko Maddi Sanzek. «Eta denek oso ondo gorde zuten sekretua», eransten du euskaltegiko Mattin Sorzabalberek. Azkenean, publiko egin zenean, pisua kendu zuten gainetik. «Lagunekin hitz egin ahal izatea, hau zetorrela partekatzea... Zergatik ez zenigun kontatu?, galdetzen zidaten. Bueno, ba ezin zelako. Baina badator».
Noticias relacionadas
Hortik aurrera erlojupeko lasterketa bat hasi zen dena antolatzeko, bai Korrikaren eguna eta baita aurreko Korrika Kulturalaren jarduerak. Informazioa publikoa egin eta bi egunetara «deiak jasotzen ari ginen» ekimenarekin kolaboratu nahi zuten norbanako eta elkarteen aldetik.
«Leloa oso ondo datorkigu»
Korrikak Irungo euskaldunen harrotasuna piztu du: «leloa oso ondo datorkigu», Sanzek adierazten duen bezala. «Irun harro bat ari gara ezagutzen». Aurreko hilabete hauetan, Irungo AEK-k egiaztatu ahal izan du «eragileak, eta norbanakoak ere, ze puntutaraino dauden prest euskararen alde zerbait egiteko. Korrika aterki komun bat izaten ari da eragile guztiak batzeko harrotasunetik. Bat-batean, hori gara: harro herria».
«Hasiera ekitaldian gure komunitatearen indarra azpimarratu nahi dugu, 'Harro herri' leloak ongi adierazten duen bezala»
Beñat AlzagaIrungo
AEK-ko zuzendaria
Egia da Irunek erdalduna izatearen nolabaiteko ospea duela, baina hori da, hain zuzen ere, «Korrika hemendik ateratzearen arrazoietako bat». Herritik mezu ozena bidali nahi da Euskal Herriko txoko guztietara, «Irunen euskaraz bizitzeko saiakeran gabiltzala, euskaraz bizi nahi dugunak gaudela». Korrika Kulturalaren ekimenak jaso duten babesa horren froga argia da: «begira zenbat eragile eta talde, zenbat norbanakok ere euskaraz lan egiten. Begira zenbat gauza dauden Irunen, estereotipo horren atzean», azpimarratzen du Maddi Sanzek.
Irungo AEK euskaltegiko ikasleak honen adibidea dira: haiek ere ilusioz hartu dute Korrikaren abiapuntuaren herria izatea. Batzuentzat, edizio berezi hau ekimenarekin lehen aldiz harremanetan jartzea da eta interes haundia erakutsi dute; baita harridura ere: «duela aste batzuk batek galdetzen zidan ea zer gertatzen den Korrikarekin gauez», gogoratzen du Maddi Sanzek. Lasterketa ez dela gelditzen kontatzean, ezta gauez ere, ez zen bere harriduratik irteten.
«Ezagutzen ez duen norbaiti Korrika zer den kontatzea berez esperientzia bat da. Flipatzen dute»
Maddi Sanz
Irungo AEK-ko kidea
«Azkenean, euskaltegia Korrika ezagutzeko eta Korrikarekiko atxikipen hori lortzeko tokia da baita ere. Badago ekimena ezagutzen ez duen jendea, eta flipatzen dute», azpimarratzen du AEK-ko kideak. «Ezagutzen ez duen norbaiti Korrika zer den kontatzea berez esperientzia bat da. Ez dela gelditzen, zazpi probintzietatik pasatzen dela, jendeak ordaintzen duela lekukoa eramateko... Hori dena, euskararen alde. Bai, ezagutzen ez dutenak liruratutak geratzen dira. Oso, oso polita da hori».
Mugaren bizipenak
Nolanahi ere, AEK-koek aitortzen dute oraindik ez dela erraza Irunen euskaraz bizitzea: «egarriz gaude euskaraz mintzatzeko tokiak bilatzen, erabilpenarako txokoak topatzeko nahian», azaltzen du Mattin Sorzabalberek. «Badaude kontzertuak, aisialdiko edo haurrei zuzendutako ekintzak... Baina eskubide hori», euskaraz bizitzeko eskubidea, «oraindik oso urrun dago. Erabilpen datuak hor daude».
Sorzabalberek aitortzen duenez, «euskarari atxikitzea zaila da, eta Korrikak ere hori ahalbideratzen du. Neretzako txute bat da, esaten den bezala», zeren, ziurtatzen duenez, «Irunen euskalduna izatea ez da broma, ahalegin haundiak egin behar dituzu».
«Irunen egarriz gaude euskaraz mintzatzeko tokiak bilatzen, erabilpenarako txokoak topatzeko nahian»
Mattin Sorzabalbere
Irungo AEK-ko kidea
Bere kasuan, ibilbide luzea du euskararen normalizazioaren aldeko borrokan. Korrika, azpimarratzen du, «behar bada, euskararen inguruan dagoen jai haundiena da», eta edizio asko ikusi ditu Irundik pasatzen. Gogorarazten duenez, «hasierako horietan, muga pasatzea» Hendaiarako bidean «ez zen broma». Orduan, aduanak zeuden Santiago zubiaren pasabidean, «haraino iristen ginen denak korrika, baina lekukoa bakarrik pasatzen zen», besteek ea lortzen zuen begiratzen zuten bitartean. Aduanak erretiratu ondoren, denek batera pasatzeko aukera izan zutenean izugarria izan zen. Hamaika istorio ditu Sorzabalberek mugaren inguruan: «beste batean, desinfektatzeko alfonbrak jarri zituzten lurrean, hegaztien gripeagatik zela uste dut». Haien gainetik pasa behar izan zuten korrikalariak ere. «Mugaren inguruan beti egon dira halako sentipen eta bizipen asko. Eta horrela izaten jarraitzen du», baieztatzen du.
Gonbidapena Euskal Herriari
Bihar ere Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga hori zeharkatuko du Korrikak: Irungo San Juan plazatik abiatu eta hiriko zenbait kaletik igaro ondoren Hondarribia aldera joko du; handik, Irunera bueltatuko da eta beste ibilbide bat egingo du herritik Hendaiarantz abiatu aurretik. Bi herrien artean hirurogei eragileek eman dute izena lekukoa eramateko. Bat ere ez da kilometro oso bat korritzera iritsiko, baizik eta tarte txikiagoak egingo ditu bakoitzak. Zentzu honetan ere, Irungo AEK-k balioan jarri nahi izan du Bidasoako eskualdean jasotako babesa. Azken uneraino izan dituzte parte-hartzaile berriak.
Atzerako kontaketaren azken konpasetan, AEK-koek azpimarratzen dute «oso berezia» izan dela honaino ekarri dituen bidea, «herriko euskaldun eta euskaltzale guztiok topo egiteko aukera eman baitigu Korrikaren hasiera honek. Guk ere euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu nahi dugu. Harro dagoen Irun euskalduna ezagutzera gonbidatu nahi dugu Euskal Herri osoa».
Biharko egun handiari begira, AEK-ko zuzendaria den Beñat Alzagak ziurtarazten du «harro esan ahalko dugu betirako oroitzapena sortu dugula». Hasiera ekitaldian «gure komunitatearen indarra azpimarratu nahi dugu, 'Harro herri' leloa ongi adierazten duen bezala. Denon artean aurrera egin behar dugu», lekukoa bezala, «eskuz esku. Ezinbestekoa da elkarrekin aritzea euskararen normalizazioan aurrera egiteko».