Bizipozaren eguneko egitaraua jasotzeko prest dago Errenteria

Bizipozaren jaia Tolosan egin zuteneko irudia/
Bizipozaren jaia Tolosan egin zuteneko irudia

Irria gunea, Tximeleta gunea, Elkartasuna gunea, Ezberdin berdinak gunea eta Merkatuzar-eko gunean egun osoko ekitaldiak prestatu dituzte doan

Irailaren 29an egingo dute Errenterian 'Bizipozaren jaia'. Bost gunez osatua izango da festa, eta egun osoz kale animazioa izango da gune guztietan zehar. Egitarau osoa webgunean dago iksugai.

Irria gunea, Tximeleta gunea, Elkartasuna gunea, Ezberdin berdinak gunea eta Merkatuzar-eko gunea deitu diete. Elkartasuna gunean Bizipoza osatzen duten elkarteak izango dira, eta elkarte horiek ezagutzera emateko, jolasak antolatu dituzte bertan.

Egun osoko ekitaldiak doakoak izango dira, Pirritx Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna eta bazkaria izan ezik. Bosna euroko prezioa izango dute horiek. Bazkariari dagokionez, 1000 pertsonentzako izango da Merkatuzarren, eta 2 txanda izango dira bazkaltzeko, bata 13:30etatik 14:30etara, eta bestea 15:00etatik 16:00etara.

Bestetik, jai hau auzolanean antolatzeko, nahitaezkoa izango da ere egunean bertan boluntario lanak burutuko dituzten norbanakoen laguntza. Egun horretan guztira, 177 boluntarioren lana aurrikusi da, eta beraz, Errenteria eta Oarsoaldeko herritarrei boluntario lanetan aritzeko gonbitea ere luzatu diete.

Juneren Hegoak elkarteko Maite Gartziak elkarteentzat jai honek duen garrantzia azpimarratu zuen, jaiaren helburua baita Bizipozako elkarteek egiten duten lana eta gizarteratzen dituzten baloreak zabaltzea. «Ilusio eta lan haundiarekin prestatu dugu jaia. Gure helburu nagusia, Bizipozan gauden elkarteak ezagutzea eta ezagutaraztea da, beraien baloreak eta helburuak. Eta bai noski, etortzen diren familiek egun zoragarri bat pasatzea. Jaia antolatzeko hasierako beldurra, ilusioa bihurtu da».

Elkartasuna eta aniztasuna sustatzen duten 33 elkarte biltzen dituen Bizipoza 'elkarteen elkarte' horretako kideen artean bi Errenteriakoak dira: Juneren Hegoak eta Mindara. Lehenak, sostengua eskaintzen die, eguneroko gogorrean nahiz doluan, seme-alabak gaixo dituzten edo umeak hil zaizkien familiei, eta Mindarak aisialdiari lotutako aukerak eskaintzen dizkie aniztasun funtzionala duten pertsonei.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos