«Indarberrituta eta gaztetuta» datoz Rikardo Arregi Kazetaritza sariak

Ezkerretik eskuinera, Patxi Baztarrika, Estibalitz Alkorta eta Ainara Rodriguez./IREKIA
Ezkerretik eskuinera, Patxi Baztarrika, Estibalitz Alkorta eta Ainara Rodriguez. / IREKIA

Kazetaritza ez ezik, euskarazko komunikazioaren esparru zabala ere izango dute kontuan aurrerantzean, 9.000 euroko bi sari emango direlarik

Donostia

Iaz, 30. edizioa zela eta, «iraganararekin zorra kitatu» zuen Andoaingo Udalak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatzen duen Rikardo Arregi kazetaritza sariak. Hain zuzen ere, hiru hamarkadatan euskarazko kazetaritzak izan duen bilakaeran bereziki esanguratsuan izan diren hamar mugarri saritu zituzten 2018ko edizioan, eta aurreratu zuten 2019ak ekarriko zituela egungo euskal esparru komunikatibora egokitzeko ezinbestekotzat jo zituzten aldaketak.

Astelehen goiz honetan aurkeztu dute Donostian RAKS-en 31. edizioa Andoaingo Udaleko alkateorde eta Euskara Zinegotzi Ainara Rodriguezek, Udal horretako Euskara teknikari Patxi Baztarrikak eta Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak. Sariak «indarberrituta eta gaztetuta» datozela azaldu du Rodriguezek, eta ziklo berriko aldaketa nagusia aurkeztu du: aurrerantzean, hain zuzen, bi sari emango dira: 'Kazetarirtza saria' eta 'Komunikazio saria'.

«Ohiko kazetaritza» hartuko du aintzat aurrenekoak, euskarriak bereizi gabe, eta aurten lehenengo aldiz emango den komunikazio sariak kazetaritzaz haragoko eremu oso zabal bateko lanei erreparatuko die, kontuan izanda betiere kategoria honetan sar daitezkeen lanek propio euskarri berrietarako (sare sozialak, web gunean, ikus-entzunezkoak...) sortuak izan behar dutela.

Azken momentura arteko suspentsea

Epaimahaiaren idazkari den Patxi Baztarrikak azaldu duenez, Kazetaritza sariari dagokionez, 2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera. Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa.

Komunikazio saria eskuratzeko aukera izango dute, berriz, «euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen direnek». Kasu honetan ere 2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintzak izango dira. Sari hau ere 9.000 eurokoa izango da, eta irabazleak Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistiko bat eramango du.

Saridun izateko hautagaitzak irailaren 15era bitartean aurkez litezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus. Edonork bidal ditzake proposamenak, egileek barne, baina ez da ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, «epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko».

Berrikuntzak ez dira hor bukatzen, finalistak izango baitutuzte bi sariek: lau kategoria bakoitzeko. Zortzi finalistak nortzuk diren azaroaren hasieran emango du ezagutzera epaimahaiak, eta sari banaketako ekitaldia azaroaren amaieran izango da Andoainen, Bastero Kulturgunean, Euskararen Egunaren atarian. Orduan jakingo da nortzuk diren aurtengo saridunak, finalista denak tartean direla. Saridunek ere ez dute jakingo alegia saria duten edo ez, azken momentura arte eutsiko baitzaio suspentseari.

Andoaingo Udalak deitu eta antolatzen duen Sari honek, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren dirulaguntza jasotzen du urtero

Epaimahaia ere berritu egin dute, eta ondorengoek osatuko dute: Jose Inazio Basterretxea, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea; Itxaro Borda, idazlea eta prentsa kolaboratzailea; Aingeru Epaltza, idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea; Maite Goñi, Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua; Elixabete Larrinaga, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea; Ion Muñoa, Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea; eta Jon Sarasua, MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua. Mahaiburua Ainara Rodríguez Zalakain izango da, eta idazkaria, Patxi Baztarrika.

Temas

Euskera