Borrar
Las diez noticias clave de la jornada

Iluna eta ezezaguna da, oraindik, kosmosa

Asmakizunetan, ametsetan, ameskerietan, amesgaiztoetan has gintezke, jakina. Horretan ibili da zientzia fikzioa aspaldi zaharretik. Horretan zinema ere, Georges Meliesek 1902an ilargirako bidaia egin zuenetik

Begoña del Teso

Donostia

Igandea, 7 abendua 2025, 11:59

Comenta

Badirudi Unibertsoa duela 14.000 mila milioi urte gauzatzen hasi zela. 'Big bang'-ekin hasi, hain zuzen ere. Eztanda horren aurretik zer zegoen inork ez daki. Aldiz, leherketa eta geroko hiru lehen minututan zer gertatu zen aurkitzea, asmatzea, garatzea lortu dugu kasik.

Oinarrizko partikula subatomikoak diren 'quark' aske horiek agertu ziren. Neutroietan eta protoietan bildu, eta junta honetatik materia osatzen duten elementu nagusiak diren nukleoak sortu ziren. Nukleo(+) bakoitzak elektroiak (-) erakarri zituen. Horrela osatu ziren barrenetan hidrogenoa eta helioa dituzten lehengo atomoak.

Zientzialarien kalkuluen arabera, Big bangetik 380.000 urte pasa zirela, hoztu zen unibertsoa, ordu arte plasma trinko eta kartsua izan zen unibertso hura.

Atomoek, hori bai dela kontu jakina, materia osoa osatzen dute. Alta, Funambulista argitaletxeak plazaratu berri duen 'De la materia al cosmos' liburuan irakur dezakegun legez, materia horrek Unibertsoaren %4 a baino ez du eratzen.

%4 bakarrik?! Zer ote, zer bide, zer demonio da gainontzeko %96a? Askoren usteetan, energia ilunak osatzen du%76 eta materia ilunak gainerako %26a. Horretan ere, mila duda eta ziento bat erantzunik gabeko galdera. Liburuaren autorea den Rolf Tarrach fisikari kuantikoaren hitzetan, horren izen erakargarria duten energia iluna eta materia iluna zer diren ideiarik ez dugu.

Asmakizunetan, ametsetan, ameskerietan, amesgaiztoetan has gintezke, jakina. Horretan ibili da zientzia fikzioa aspaldi zaharretik. Horretan zinema ere, Georges Meliesek 1902an ilargirako bidaia egin zuenetik…

Azalpenak eman nahian, ikertzaile anitzek, zera kontatu digute: energia iluna unibertsoaren hedapen azeleratua eragiten duen indar misteriotsua litzateke. AAk eta Wikipedia askeak dioten bezala, bere existentzia supernoben behaketek erakutsi zuten. Eta zer dira supernobak? Indar eta masa handiko izarrak, hainbat astez edota hilabetez irauten duten oso argi-izpi distiratsuak igortzen dituztenak.

'Materia iluna', berriz, materia mota hipotetikoa genuke, antza denez, eremu elektromagnetikoarekin elkarreragiten ez duena. Hala bada (eta ez bada sar dadila kalabazan) ez luke erradiazio elektromagnetikorik xurgatuko, islatuko, edo igorriko (argiak egiten duena, alegia). Behaketa astrofisiko ugari egin dira materia ilunaren inguruan baina erradiaziorik igortzen ez duenez zaila oso detektatzen kosmosen. Hala ere, zientzialari frankoren irudiko, pentsatzen dugun baino ugariagoa da materia iluna…

Ikusten denez, ezer ez dakigu gure etxea den unibertsoaz. Baikorren esanetan, hamar urteren bueltan askoz gehiago jakingo dugu. Zergatik? Fisika kuantikoa hor dugulako. Dagoeneko, ezinezkoak ziruditen bi kontu frogatu ditu. Zeintzuk? Alde batetik, partikula bat bi lekutan aldi berean izan daitekeela. Bestaldetik, distantzia handi batek urruntzen dituen bi partikulak izan daitezke, trabarik gabe, elkar konektatuak, lotuak…

Duela 14.000 mila milioi urte hasi zen unibertsoa eratzen. Egun, kosmos hori bere leku guztietatik hedatzen ari da. Noranzko guztietara, azeleratzen den zabaltze harrigarri batean.

Azken-aurreko gogoeta astrofisiko-filosofikoa, Hutsa ez da Ezereza. Huts horretan energia gorabeherak detektatu izan dira. Zer pentsatu handia ematen du, Hutsa ez omen dago hutsik…

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Iluna eta ezezaguna da, oraindik, kosmosa

Iluna eta ezezaguna da, oraindik, kosmosa