Ikertzaileen lanak aitorpen eskasa du, eta soldata ere txikia

Artxiboko argazkian, zenbait ikasle laborategi batean. /C. MORENO
Artxiboko argazkian, zenbait ikasle laborategi batean. / C. MORENO

EHUren Zientzia Astearen 18. edizioaren hasierarekin batera, gazteek zientzia eta teknologiarekiko duten jarrerari buruzko datuak zabaldu dituzte

M. IMAZ

2017ko selektibitateko notak aztertu ondoren Euskal Herriko Unibertsitateak egindako txosten baten arabera, EAEko ikasleak dezente hobeak dira letretako ikasgaietan zientzietakoetan baino. Batez besteko nota onenak, alegia, euskara eta euskal literaturan (7,67, %94k gainditu zuten) eta ingelesean (7,45, %90k gainditu zuten) izan zituzten. Bestelakoa izan zen kontua, gizarte zientzien bidetik heldutakoen artean bederen, matematiketan (5,35eko batez besteko nota) eta fisikan (5,9). Aurkeztutakoen heren batek huts egin zuen ikasgai horietan, eta ez zuen azterketa gainditu.

Izan ere, EAEko gazteen kopuru handi samar bati ez zaio gehiegi axola zientzia eta hori, itxuraz, unibertsitatera heldu aurretik igartzen da. Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XVIII. astea dela eta emandako datuen arabera, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen %58k dio asko edo dezente interesatzen zaizkiola zientzia eta teknologia. Gainerakoen kasuan eskasa da zientzia eta teknologiarekiko interesa. Edonola ere, gai horiei buruzko interesa handiagoa da gazteenen artean 30 urte eta gehiago dituztenen artean baino, azken horien artean %48 erakusten baitu interes handia edo dezente.

Datuak Gazteen Euskal Behatokiak emanak dira, eta 'Gazteen argazkiak 21' txostenean aurki daitezke, zientziaren eta teknologiaren gizarte pertzepzioari buruzko atalean. Txosten hori urtero prestatzen du Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak, eta denetariko gaiei buruzko informazio oso interesgarria dakar.

Zientziari dagokion horrek erakusten du, besteak beste, ikertzaile lanbideari buruz duten irudia. Ondo baloratzen dute -%60k uste dute norberarentzat aberasgarria dela, eta %54k gazteentzat lanbide eragargarria dela diote-, baina iruditzen zaie gizarteak ez duela aintzat hartzen. Hala, %54rentzat aitorpen eskasa du gizartearen aldetik eta, gainera, gehiago dira diruz gaizki ordaindua dagoela uste duten gazteak (%45), ongi ordaindua dagoela uste dutenak baino (%23).

190 jarduera

Agian, jarreraren bat aldatzea eta gazteak zientziara eta teknologiara zaletzea lortuko du EHUren Zientzia Astearen 18. edizioak. Doako 190 jarduera ludiko eta pedagogiko inguru eskainiko ditu, inoiz baino gehiago, adin guztiei zuzenduta, euskal gizartea zientzia eta teknologia mundura erakartzeko eta «zientzia entzun, dastatu, behatu, usaindu, ukitu eta sentitzera gonbidatzeko». Zientzia Astea bost hiritan egingo da lehen aldiz, aurten Eibar ere sartu baita, aurreko urteetako hiriez gainera: Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Barakaldo.

Edizio honetan, Zientzia Asteak eskaintza zabala prestatu du. Zientzia txoko, lantegi, txango, erakusketa, bisita gidatu eta lehiaketetan parte hartu ahalko dute bisitariek, eta zientzia, musika eta umore uztartzen dituzten Zientzia Club egitasmoko bakarrizketekin gozatu.

Jarduera guztiak dira doakoak eta lantegi, txango eta bisita gidatuetarako bakarrik eman behar da izena. Plaza asko jada hartuta egon arren, oraindik bada plaza librerik. Izen-ematea doakoa da, eta programari buruzko informazio guztia webgunean kontsulta daiteke:.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Asteak bisita gidatuak ere eskaintzen dizkie Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei, eta, asteazken honetatik aurrera, Euskadiko milaka ikasle hurbilduko dira egoitzetara eta Zientzia Astean dauden txokoak ezagutuko dituzte, besteak beste, matematika, arkeologia, astronomia eta genetika txokoak. Txokoak jende guztiari irekita daude Zientziaren Asteak iraun bitartean.

EHUk antolatzen du Zientzia Astea, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako eta Gipuzkoako aldundien, Donostiako, Gasteizko, Barakaldoko, Eibarko eta Bilboko udalen, Euskaltelen, BBKren, Iberdrolaren, Bibat Museoaren, Tabakaleraren, Euskotrenen, Metro Bilbaoren, Euro-Helpen, Energiaren Euskal Erakundearen eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos