Ikasturte berriarekin batera, haurtxokoek ere ateak zabaldu dituzte

Ikasturte berriko gaztelekuen promozio irudia/
Ikasturte berriko gaztelekuen promozio irudia

Haurtxoko eta Gaztelekuak sarearen helburua da «haurrek eta nerabeek gizartean duten lekua bermatzeko lan egitea. Funtsezko zerbitzu publikoa dela uste dugu, haur eta nerabeak hiritar aktibo gisa hezten dituelako, beren aisialdirako denbora errespetatuz eta eskaintza ludiko baten bitartez»

Ikasturte berriarekin bat eginez, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri du lurraldeko haurtxokoak eta gaztelekuak sustatzeko kanpaina berria. Goizane Alvarez, Gazteriako Zuzendariak eta Patricia Arrizabalaga, Eibarko Gazteria arloko zinegotziak eta David Rosco Urnietako Udaleko Gizarte Sustapena eta Garapen Pertsonala saileko zinegotziak ekimen honek bi helburu nagusi dituela jakinarazi dute: alde batetik, haur eta nerabe gipuzkoarrak zerbitzuetara gonbidatzea; eta, bestetik, zerbitzuaren garrantzia azpimarratzea, haur eta nerabeen kalitatezko aisialdirako eskubidea aldarrikatuz. Horretarako, Aldundiak, udalerriekin elkarlanean, 50.000 gonbidapen bidaliko dizkie lurraldeko haur eta nerabeei.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako Zerbitzuak lanean dihardu, haurtxoko eta gaztelekuen lana plazaratu eta beren balioa azpimarratzeko erronkari eutsiz, eta orain aurkeztutako kanpaina hau beste urrats bat da ibilbide horretan. Goizane Alvarez-ek, zerbitzuaren ordezkariak adierazi duenez, «Haurtxoko eta Gaztelekuak sarearen helburua da haurrek eta nerabeek gizartean duten lekua bermatzeko lan egitea. Funtsezko zerbitzu publikoa dela uste dugu, haur eta nerabeak hiritar aktibo gisa hezten dituelako, beren aisialdirako denbora errespetatuz eta eskaintza ludiko baten bitartez«.

Taldean egotea, jolastea, elkarrekin bizitzen ikastea, aniztasunean heztea, haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzea, protagonistak izatea, harremanak euskaraz egitea… Asko dira haurtxokoen eta gaztelekuen eskaintzaren bitartez lantzen diren balioak, eta denak ezinbestekoak bizitzarako prestatzeko. Egun, Gipuzkoako 47 udalerritan, 100 gune daude, eta bertan, 230 hezitzaile profesional ari dira lanean.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako zerbitzuak duela 2 urte jarri zuen abian, lehenengoz, haur eta nerabeentzako zerbitzuak sustatzeko lehenengo kanpaina, Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko egunarekin bat eginez. Orduz geroztik hainbat urrats eman dira. «Horietan esanguratsuena Gipuzkoako Haurtxokoak eta Gaztelekuak marka sortzea. Hausnarketa-prozesu baten ostean, Foru Aldundiak eta halako zerbitzu bat eskaintzen duten udalek, eragile guztien arteko elkarlanaren beharra ikusi zuten eta, ondorioz, sarean lanean hasi ziren marka berri honen aterpean», adierazi du foru erakundeak.

'Hemen gu geu gara' eta 'Nire planik hoberena' lemapean, bueltan dira, hurrenez hurren, Gipuzkoako gazteleku eta haurtxokoak.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos