Herritarren parte-hartzea bultzatzeko elkarrizketa-zikloa
Hiru topaketa izango dira: lehena Azpeitian urtarrilaren 26an; eta bigarrena eta hirugarrena Donostian otsailaren 25ean eta martxoaren 24an
Asteartea, 27 abendua 2022, 12:36
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UIK-ak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Uda Ikastaroak Fundazioak, herritarren parte-hartzeari buruzko solasaldi zikloa antolatu dute 2023ko urtarrila eta martxoa bitartean, Gipuzkoako Eskola Irekiaren esparruan.
Antolatuko diren hiru hitzaldiak «irekiak eta publikoak» izango dira bertaratzen direnen artean «Gipuzkoako egungo errealitatean eta testuinguru zehatzean parte-hartzean eragiten ari diren gakoetan elkarrekin pentsatzen eta hausnartzen hasteko». Ildo horretan, parte-hartzean esku hartzen duten hainbat eragileren kezkak eta ekarpenak bildu nahi dira, eta atzematen diren hutsuneetan eragiteko gomendioak, ideiak eta proiektuak sortu.
Aldundiak eta UIKak diseinatutako ekimenak hiru zita izango ditu. Lehena urtarrilaren 26an 16:00etatik 19:30era izango da Azpeitiko San Agustin aretoan eta 'Nahi izatea' lelopean parte hartzeko beharrezkoak diren motibazio eta konfiantzan sakonduko du. Jarraipena emango dion bigarren topaketa otsailaren 25ean antolatu da 10:00etatik 18:00etara Donostiako Miramar Jauregian gizarteko eragile eta norbanakoek parte hartu ahal izateko baldintza eta ezaugarriak izanik bi gai nagusiak: denborak, hobariak, neurriak, oztopoak, etab.
Hirugarren eta azken saioa Okendo Kultur Etxean izango da martxoaren 24an, 10:00etatik 13:00etara, parte-hartzearen «ezaugarri eta mekanismoak» aztertu eta ezagutzeko. Antolatzaileen hitzetan hauek «herritarren parte-hartzea baldintzatu» dezakete eta, hala, parte-hartze digitalaren aukerak eta mugak aztertuko dituzte.
Elkarrizketa-zikloa bultzatzaileek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak eta UPV/EHUko Uda Ikastaroen Fundazioak, 2020an sinatu zuten lankidetza-hitzarmenaren baitan kokatzen da
Ekimenaren aurkezpenean izan ziren Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatua; Itziar Alkorta, UIKako zuzendari akademikoa; eta Mikel Pagola, Herritarren Partaidetzarako foru zuzendaria.