Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Lobo Altuna

Hemengo antxoa badago

Estranjeruak arrotzak direla esateak ez du, ez, oso zuzena eta egokia ematen

Begoña del Teso

Donostia

Domingo, 6 de julio 2025, 12:52

Noiztik behin titularreko «Hemengo antxoa badago» esaldia agerian duten afixak ikusten ditugu gure etxe ondoko arrandegietan. Salto batean sartu eta erosi, parrillan, arrautza-irinetan pasatuak edo 'papillote' eran eginak jateko.

Beste mila kilo Getarian, Orion, Zumaian, Zarautzen diren kontserba-industriako eremuetara eramango dute. Bai produktu preziatua, estimatua, mirestua. Bai prozesu ederra eta jasangarria Kantauriko antxoak gatzunetan jartzearena. Bai momentu delizios geroagokoa, gure eskuetara iritsiko dira lata horiek, irekiko eta oliotan suabe-suabe bustiak diren antxoak banan-banan aterako… ogi onaren xerra baten gainean jarriko ditugu eta baso (kopa) bat ardo zuri batez lagundurik… jan!

Hitz eginak gara paperezko egunkarian Carlos Orlando Albasekin. Salvatore Orlando Curssimanoren biloba dugu Carlos. Salvatore siziliarra zen. Egun 11.000 biztanle dituen Terrasini herria zuen jaioterria. Palermotik ez oso urrun da herritxo hori. Salvatore XIX garren mendearen bukaera heldu zen Gipuzkoara. Zeren bila? Zein ote bere ametsa? Beste siziliar askok bezala, hemen bilatu nahi zuen ogibidea. Ogibidea eta etorkizuna.

Mediterraneoak bainaturiko irla batetik Kantauriko ertzetara? Nolatan? Ez pentsa, aspaldikoak ziren italiarren eta euskaldunen arteko hartu-emanak. Hain estuak izan ziren lehenbiziko kontaktu horiek ezen askoren ustez, trikitia bera, horren geure-geuretzat jotzen dugun musika tresna alai demonio hori, hemengo trenbideetan lan egitera etorri ziren Italiako seme-alabek ekarria den.

Siziliarrak berriz, antxoaren arrimura ziren iritsiak. Italian bazen kontserba-industria potentea,esportaziora emana ere. Hango hainbatek eta hainbatek zergatik erabaki zuen hona etortzea azaltzeko badira bi teoria. Kontrajarriak biak. Interesgarriak biak. Sarean aurkituko duzuen Luis Javier Escudero Dominguez ikertzaile eta historiagile finaren 'Los italianos y la industria del salazón. Primeras aportaciones a su aparición en el Cantábrico' lan txukun, jantzia eta garrantzi handikoan industria hori are gehiago garatzeko eta zabaltzeko asmotan etorri zirela leituko duzue. Leituko ere agirietan agertzen den gurean kokatu zen lehengo kontserbagilea Bermeon finkatu zela. 1866an. Eta ez zen Siziliakoa Genovakoa baizik. Angelo Perodi zuen izena.

Ezagutzen zen gurean arraina gatzetan jartzeko prozesua, nola ez ba? Baina hegaluzea eta antzekoak eskabetxean egitea (eta jatea ere) zen gure bandera. Ikusi zuten italiarrek hemen bazegoela bai lehengai izugarri ona, bai espazioa bai lan egiteko prest zegoen jendea. Eta arrimatu ziren. Eta Gipuzkoako kosta osoa okupatu, eta fabrikak eraiki.

Hona etorri ziren eta hemen familiak sortu zituztenen ondorengoen artean bada aurrekoen etorrera kontatzeko beste modu bat. Beraien esanetan, antxoa Mediterraneotik desagertu zen. Ederki dakigu guk muturrera eramandako arrantzak zer nolako kalteak eragiten dituen. Gabe geratu ziren fabrikak. Nonbait aurkitu behar zen antxoa.

Ba omen zen Genovan merkatua eta mundua primeran ezagutzen zituen salerosle martxanta. Judua. Judu sefardia. Baskoen lur, itsaso eta usadioez hitz egin omen zien gorriak pasatzen ari ziren industriako gizon haiei. Kontatu bide zien arrantzatzen genuela antxoa. Bai, jaten genuen, bai gatzetan jartzen genuen. Baita upeletan sartu eta Gaztelan edo Andaluzian saldu ere. Baina sobratzen zena (eta asko sobratzen zen) ongarri gisa erabiltzen zuten gure arbasoek. Eta merkatari primerako hark hemen negoziorako aukera ikaragarria zegoela baieztatu zien kasik miserian ziren horiei.

Horrela azaldurik, Euskal Herrian kokatu ziren Italiako kontserbagileen istorioak Errioxako ardoa egun dagoen gailurrera eraman zuen gertaerarekin egiten du bat. XIX. mendeko kontuak dira hauek ere. Filoxera intsektuak erasotu zituen Bordeleko mahasti ia guztiak. Erasotu, kutsatu, hil. Ezinezkoa zitzaien bertakoei ez mahastiak ez lurrak beren onera ekartzea. Beraz, sano eta sendo ziren lur berrien bila hasi behar. Errioxakoei erreparatu zien. Erreparatu, ontzat eman eta bertan ekin ardogintzari.

Bordeleko zein Siziliako zein Genovako zein Alpeetako (handik bide zetozen trikitia jotzen zuten haiek…) jendeak eragin handia izan zuen egun geure-geureak diren jaki, edari, ohituretan. Estranjeruak arrotzak direla esateak ez du, ez, oso zuzena eta egokia ematen.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hemengo antxoa badago

Hemengo antxoa badago