Borrar
EHUk iaz antolatutako azokara ikasle asko hurbildu ziren. MICHELENA
Hasi dira unibertsitateak ikasle berriei datorren ikasturteko eskaintza aurkezten

Hasi dira unibertsitateak ikasle berriei datorren ikasturteko eskaintza aurkezten

EHUk Unibertsitate Orientaziorako Azoka egingo du larunbatean Donostian, eta Orona Ideoko campuseko ateak zabalduko ditu Mondragon Unibertsitateak egun berean

Jueves, 25 de enero 2018, 11:37

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Datorren urtean unibertsitateko ikasketak hastekoak diren gazteek aukeran dituzten graduei buruz lehen eskuko informazioa izan dezaten, EAEko unibertsitateak hasi dira euren eskaintza aurkezten. Hala, larunbat honetan, urtarrilak 27, unibertsitate orientaziorako azoka egingo du Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian, eta Mondragon Unibertsitateak ateak zabaltzeko jardunaldia egingo du larunbat honetan bere Orona Ideoko campusean, egun berean.

EHUk egingo dituen unibertsitate orientaziorako hiru azoketatik lehena izango da Donostiakoa. 09:00etatik 14:00etara burutuko da, Ibaetako campuseko Ignacio Maria Barriola eta Carlos Santamaria zentroetan. Gasteizen hurrengo larunbatean izango da azoka, otsailaren 3an, eta Bilbon otsailaren 10ean.

EHUk jakinarazi duenez, Unibertsitate Orientaziorako Azokak "aukera ezin hobea" dira etorkizuneko ikasleek EHUren gradu ikasketak eta unibertsitatera sartzeko prozedura gertutik ezagutzeko. Hain zuzen ere, 2018-2019 ikasturtean, EHUk 92 gradu eskainiko ditu hiru campusetan. Horietariko hiru gradu bikoitzak dira, eta hiruren artean bat berria da: Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza datorren ikasturtean hasiko da ematen Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan.

Beste bi gradu bikoitzak dira Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza eta Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza. Azkenak 2017an gutxieneko notarik altuena izan zuen EHUn: 12,882.

Halaber, nazioarteko 20 gradu bikoitz egin ahal dira. Nazioarteko gradu bikoitz horietan, bi unibertsitate titulu lortzen ditu ikasleak, bat EHUk emana, eta bestea atzerriko unibertsitateak. Beste hiru graduetan prestakuntza duala eskaintzen da (Automobilgintzaren Ingeniaritza, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, eta Prozesu eta Produktuen Berrikuntzaren Ingeniaritza). Sistema berritzaile horretan ikasleek hainbat gaitasun eskuratzen dituzte inguruko enpresetan.

Unibertsitate Orientaziorako Azoketara interesa duen edonor hurbil daiteke, baina bereziki unibertsitate aurreko ikasleei, haien gurasoei eta bigarren hezkuntzako irakasleei zuzenduta daude. EHUko graduei buruzko informazioa aurkituko dute, eta zentro guztietako irakasleek eta Orientazio Zerbitzuko langileek arreta eman eta zalantzak argitzen lagunduko diete egin behar duten ikasketen aukeraketan, banaka zein taldeko informazio saioen bidez.

Halaber, informazioa jaso dezakete unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun programen, graduondokoen, tasen eta beken, unibertsitateko ostatu eta garraioaren, kirol jardueren, unibertsitate orientazioaren eta abarren gainean. Nahi izanez gero, azokaren egunean bertan, campus bakoitzeko unibertsitate egoitzak bisitatzeko aukera izango da (larunbat honetan, Donostiako Manuel Agud Querol egoitza).

Programa amaitzeko, martxoan Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira. Horietan parte hartzeko, otsailaren 19etik 25era bitartean eman beharko da izena, unibertsitateko webgunean: www.ehu.eus/sou/jardunaldi-irekiak.

Ate irekiak Orona Ideon

Era berean, Mondragon Unibertsitateak larunbat honetan ateak zabaltzeko jardunaldia egingo du Donostialdean, Hernanin zehazki, Galarreta aldean, kokatutako Orona Ideoko campusean. 10.30ean Areto Nagusian Goi Eskola Politeknikoan eskaintzen dituen ingeniaritzako graduen berri emango da eta, zehazki, campus horretan eskaintzen dituen graduen berri emateko. Ateak zabaltzeko jardunaldia interesdunei eta horien familiei bideraturik dago.

Mondragon Unibertsitateak, Goi Eskola Politeknikoaren bitartez –Arrasaten, Ordizian eta Donostialdean ditu campusak–, ingeniaritzako bederatzi gradu ematen ditu. Mondragon Unibertsitateak ingeniaritzako bederatzi gradu eskaintzen ditu: Mekatronika, Mekanika, Industria Elektronika, Informatika, Industria Diseinua, Industria Antolakuntza, Energia, Biomedikuntza eta Ekoteknologia Industria Prozesuetan

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios