Isil-isilik eta hutsik dago Maizpide; ez haatik geldirik. Etxetik ari dira lanean irakasleak, eta etxean jasotzen dituzte eskolak ikasleek.

«Guztion artean aurkitu behar dugu ikasturtea ekainean ixteko modua»

Barnetegia zabalik balego baino ikasle gutxiago dituzte Lazkaoko ikastegian, baina koronabirusak ez du Maizpide geldiarazi

Nerea Azurmendi

donostia.

Lunes, 27 de abril 2020, 10:50

Koronabirusik gabe ere 2020.eko apirilaren 27a astelehen berezia izango litzateke Lazkaoko Maizpide barnetegi eta euskaltegian. Apirileko ikastaro trinkoa ostiralean amaituta, etxera joan ziren ikasleek ez zituzten atzera beteko logelak, jangela eta ikasgeak

Publicidad

Dena normala izanez gero, milaka lagun euskaldundu dituen euskaltegiak bat egingo zukeen Lazkaon gaur hastekoak ziren San Prudentzio jaiekin. Baina ezer ez da normala martxoaren 14az geroztik, eta lazkaotarrek balkoietan eta sare sozialetan biziko dituzte inoizko festarik bitxienak.

Eta festak amaitzean hutsik jarraituko du 1988an inauguratu zen barnetegia; ez haatik geldirik, aurreikusi bezala gaur zortzi hasiko baita maiatzeko ikastaro trinkoa. Aurrez finkatutako data, ordutegi eta edukiekin, baina modu telematikoan. Ikasleak teleikasten, irakasleak teleirakasten. Hain zuzen ere, aurrez aurrekotik birtualerako jauzia egiteko orduan izan duen bizkortasunak ahalbidetu dio Maizpideri pausoa galdu gabe aurrera jarraitzea.

«Egoera honetan, etxean, ikasleak esfortzu ikaragarria ari dira egiten, eta guk erantzun egin behar diegu»«Bakarka egiten ziren saio telematikoak taldearen dinamikara egokitzea izan da aldaketa nagusia»

110 ikasle etxera

2017az geroztik Maizpideko zuzendaria den Laida Begiristainek dioenez, «udaberria beti izaten da mugimendu dezente handikoa. Azterketak gerturatzen diren neurrian, martxotik aurrera, gorakada nabaritzen da ikasle kopuruan». Horrenbestez, barnetegian bigarren astea bukatzear zeuden 110 bat ikaslerekin harrapatu zituen martxo erdialdeko astinduak.

Baina ez erabat ezustean. «Aurreko astean Araban gertatutakoaren inguruko berri eta zurrumurruak berehala heldu zitzaizkigun, ikasle arabar dezente baitzeuden. Bagenuen kezka puntua... Aurreneko egunak estresagarri samarrak izan ziren alde horretatik. Ostiralean iritsi zitzaigun ixteko agindua, martxoaren 13an. Ordurako hasiak ginen neurriren batzuk hartzen: otorduak bi txandatan ematen, adibidez, jangelan ez zedin pilaketarik egon», azaldu du zuzendaritzara bildu aurretik hainbat urtez Maizpideko irakasle izandako Begiristainek.

Publicidad

Ikasleek beraz egin zituzten maletak eta hartu zuten etxerako bidea, jakinda astelehenean ez zirela Lazkaora bueltatuko. «Aste amaiera normal samarra» izan zela dio Laida Begiristainek, nahiz eta ostiral arratsaldeko klaseak lehenxeago amaitu. Aurrera begira nola moldatuko ziren aztertzeko eta finkatzeko erabili zuten tarte hura. Erabakia, honakoa: «Lanean jarraitu behar dugu, ikasleei erantzun egin behar zaie. Bi aste daramatzate eta beste bi falta zaizkie. Ezin dugu ikastaroa bertan behera utzi».

Esan eta egin, 14-15eko asteburuan burututako doikuntza lanek balio izan zuten, urrutiko irakaskuntzan duten aspaldiko eskarmentuan oinarrituta, «astelehenean zehar normaltasunez lanean hasteko. 15-20 urte daramatzagu urrutiko irakaskuntza lantzen, esate baterako Euskara Munduan programan. Materiala ere propioa daukagu, eta bi bertsio prestatzen ditugu: aurrez aurre erabiltzeko eta plataformarako».

Publicidad

Normaltasun erlatiboa betiere, harreman telematikoak ezin baitu ordezkatu barnetegiko giroari eta elkarbizitza estuari esker «ikasleen, eta horien eta irakasleen artean, sortzen den konexio handia. Hala ere, taldeek eusten diote konexioari beraien arteko harremanei eta antolatzen diren jarduerei esker: tertuliak, lehiaketak...».

Aldaketa nagusia, hortaz, «orain arte bakarka egiten ziren saio telematikoak taldearen dinamikara egokitzea izan da, eta interakzio handiagoa lortzea. Alde horretatik, asko ari gara ikasten».

Ikasturtea itxi

Horrelaxe dabiltza martxoaren bigarren erdialdeaz geroztik. Ordutegia mantentzen badute ere –sei ordu egunean, ez da lan-karga makala–, malgutasunez jokatzen dute, badakitelako ikasleen bizimodua beraiena bezainbeste aldatu dela. «Barnetegian horretara zaude soilik, baina etxean, batez ere egun hauetakoa bezalako egoera batean, askoz ere konplikatuagoak dira gauzak. Hala eta guztiz ere, ikasle gehienek jarraitu egin dute, esfortzu ikaragarria ari dira egiten, eta guk erantzun egin behar diegu».

Publicidad

Aurreikusita zegoen ikastaroa eskainiko dute maiatzean. Ekainean ere bai. «Argi dago barnetegia zabalik egongo balitz askoz ere jende gehiago egongo litzatekeela, baina dagoenari ahalik eta ondoen erantzun behar zaio» nabarmendu du. Udako ikastaroak ere badituzte, nahiz eta etorkizuna irudikatzea zaila izan. «Epe luzera planifikatzea alferrik da. Normaltasunera bueltatzen azkenetakoak izango garela badakigu, mugak izango ditugula ere bai, baina guk lanean jarraitzen dugu, eta materialetan nahiz lan egiteko moduetan hobekuntzak egiteko aprobetxatzen ari gara».

Badago Maizpideko zuzendaria oso kezkatuta daukan gai bat: ikasturtearen itxiera. HABEk martxoaren 16an jakinarazi zuen atzeratu egin direla, data berririk gabe, egiaztatze-deialdi denak. «Ikasleak oso urduri daude, ez dakitelako zer gertatuko den. Maila egiaztatzeko eskubidea dute, askorentzat oso garrantzitsua da. Malgutasunez jokatuz, guztion artean irtenbide bat aurkitu behar dugu eta, ikasleen lana aintzat hartuz, ikasturtea ekainean itxi».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad