Gutasuna aldarri, Kilometroetako kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte

'Ni, Hi, Hura... ikastola mundura!' da Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako kideek elkarlanean egin duten leloa, eta horren baitan dagoen 'gu'-a edo talde-izaera agerian jarri nahi izan dute horrela

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Kilometroak 2019ko kanta aurkeztu dute, swing doinuen martxan. «Gutasuna eta alaitasuna» aldarrikatu nahi izan dituzte abestiaren bidez. Zarauzko plaza dantzan jarri dute, batukada feminista lagun, eta kantaren nondik norakoak aletzen joan dira azkenean abestia entzungai jarri eta koreografiaren laguntzarekin plaza guztia dantzan jarri denera arte. Konfeti eta serpentinekin amaitu da aurkezpena, eta jaiak aurrera egin du.

Kilometroak 2019ko abestia definitzeko hitz bakar bat aukeratzekotan, «gurea» izango litzake, antolatzaileen arabera. Hain zuzen, 'Ni, Hi, Hura... ikastola mundura!' da aurtengo leloa, eta horren baitan dagoen 'gu'-a edo talde-izaera agerian jarri nahi izan dute horrela.

Izan ere, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako kideek elkarlanean egin dute sorkuntza prozesu guztia, abestiaren hitzekin hasi eta bideoa grabatzeraino. Aipatzekoa da, Kilometroak Zarautzen egin ziren aurreko bi aldietan bezala, oraingoan ere ikastolako haurrek abesten dutela kanta. Grabaketa eta bideoa ere ikastolaren inguruko kideek egin dute.

Nahikari Gabilondo Mendizabal ikastolako ikasle-ohiak eta bi ikasleren amak sortu du hitza, eta horixe nabarmendu du aurkezpenean: «Ikastolak oinarri, euskarri eta etorkizun herria duela azpimarratu nahi izan dugu; horma eta logoetatik haragoko zerbait garela. Gu gara, eta hala sentitzen dugun guztiok gaude gu horretan. Ez genuen nahi abesti hau 2019ko Kilometroetan hasi eta bukatuko zen zerbait izatea, eta gerora ere mezu hori gogoratzen lagundu diezagun eman diogu forma hori».

Garbi zuten doinuak dantzagarria, alaia eta ibiltaria izan behar zuela, eta aldi berean, ihes egin nahi zioten ohikoari. Hala azaldu du Hodei Esteban Pertusak, ikastolako irakasleak eta doinua proposatu zuenak: «Errepika leloan oinarrituta egongo zela jakinda, zerbait oso saltaria ateratzen zitzaidan, swinga edo Balkanetako musika... Txaranga batekin kalean jotzeko moduko doinuak dira, gainera, eta, bide batez, kanpokoa gure egiteko aukera ere ematen digute. Azkenean, jatorrizko swingaren alde egin genuen, eta moldaketan eta interpretazioan ikastolako komunitateko kide ugariren parte-hartzea bilatu dugu», esan du.