Gipuzkoara heltzear da EuskarAbentura espedizioa

121 gaztek osatzen dute taldea/Euskarabentura
121 gaztek osatzen dute taldea / Euskarabentura

Araia eta Zerain bitarteko 22 kilometroak osatuko dituzte, espedizio osoko etapa menditsuena, Gipuzkoara heltzeko; Tolosan, Hernanin eta Irunen ere egingo dituzte geldialdiak

DVDonostia

Hilaren amaiera bitarte, euskararen lurraldea luze-zabal zeharkatuko du Euskarabenturak. Gipuzkoara heltzear dira 121 gazteak, asteburua Araban igaro eta gero. Araia eta Zerain bitarteko 22 kilometroak osatuko dituzte astelehen honetan, hilak 15; espedizio osoko etapa menditsuena izango da. Esfortzua saritzeko, herri-afaria eta kantaldia egingo dute iluntzean Zeraingo herritarrekin batera. Tolosan, Hernanin eta Irunen ere egingo dituzte geldialdiak, Gipuzkoan.

Maulen hasi eta Getxoraino, orotara 783 kilometro egingo dituzte 31 etapatan, horietatik 483 oinez. Done Jakue bide ezberdinak jarraituz, hiriburu guztiak ez ezik, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako guneak bisitatuko dituzte 121 gazteek, bai eta Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren lekuak ere.

EuskarAbentura espedizioak, aurten bigarrenez, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko neska-mutilak euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango ditu. Datozen lau egunetan Barnealdeko Donejakue bidean aurrera segituko dute, lurraldean barrena, Iruneraino.

EuskarAbentura 2019 espedizioak Gipuzkoa barnealdean emango dituen egunetarako aurreikusitako etapak eta hitzordu garrantzitsuenak honakoak dira, hurrenez hurren:

Uztailaren 16an, Zeraindik Tolosara joango dira; uztailaren 17an, Tolosan igaroko dute eguna; uztailaren 18an, Hernanirainoko 22 kilometorak egingo dituzte; uztailaren 19an, Hernanitik Irunera ibiliko dira.

Askotariko bisita eta jarduerak burutuko dituzte bidean. Adibidez, herri afaria eta kantaldia Zeraindarrekin batera, Ormaiztegiko meategietara bisita eta karlismoari buruzko azalpen historikoak Asisko Urmeneta ilustratzailearen eskutik, soziolinguistika tailerra egingo dute Kike Amonarrizekin batera, gizarte ekonomiari buruzko mintegia jasoko dute Enekoitz Etxezarreta eta Ion Morandeira GEZKI-ko (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) kideen eskutik, Berria egunkariko erredakziora ere bisita daukate aurreikusita, sexu eta genero identitate aniztasunari buruzko mintegia Hiruki Larroxa Kolektiboko Ibai Fresnedo eta Egoitz Arbiol kideekin, eta Hernani eta Irun arteko etapa Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistaren konpainian, inguruko baratze eta basoen interpretazioa burutuz.

Bide erdia egina dute jada. Maiatzaren 31an abentura amaitu aurretik, Baiona, Lezo, Donostia, Zarautz, Deba, Markina, Gernika, Bakio, Bilbo eta Getxon izango dira espedizioko kideak.

Temas

Euskera