Gipuzkoako Urrezko Domina, Jakin taldearentzat

2014an Jakineko sortzaileek erreleboa eman zieten kide gazteagoei. Orduko argazkian, ezkerretik eskuinera, Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi./F.I.
2014an Jakineko sortzaileek erreleboa eman zieten kide gazteagoei. Orduko argazkian, ezkerretik eskuinera, Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi. / F.I.

Pentsamenduan, kultur eragintzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, eta euskara batuan egindako ekarpena aitortu nahi du horrela Foru Aldundiak

F. IBARGUTXI

Jakin talde historikoak jasoko du abenduaren 19an Foru Aldundiak ematen duen bereizgarri gorena: Gipuzkoako Urrezko Domina. Atzo erabaki zuen hain zuzen Diputatuen Kontseiluak espedientea hastea.

Joxe Azurmendik, Joan Mari Torrealdaik, Paulo Agirrebaltzategik eta Joseba Intxaustik osatutako Jakinen talde historikoak jasoko du Urrezko Domina, kultur eragiletzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, euskara batuaren bultzadan eta transmisioan egindako lanarengatik. «Urrats garrantzitsua izan zen garai hartan, eta gaur oraindik gurean dugu ahalegin haren fruitua», adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak. «Bakoitzak bere ibilbidea zuen arren, jakin dute urteetan zehar taldeari eusten eta euskal kultura sustatzen. Merezi dute».

Esker onez jaso du berria Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakariak, talde osoaren izenean: «Jakinen parte hartu duten guztientzako saria da Urrezko Domina. Talde historikoko lau kideek ez ezik, bidelagun izan ditugun guztiek egin baitute Jakin. Baita egungo Jakineko lantaldeak ere. Etorkizunera begira aritzeko bultzada ere bada saria».

Kultura taldea, aldizkaria eta argitaletxea izan da eta da Jakin. Aldizkaria Arantzazun sortu zuten frankismo betean eta euskaraz kaleratzen direnen artean beteranoetarikoa da. Kultura eta pentsamendua jorratzen ditu. Jakin taldeko kide nabarmenak Joseba Intxausti (Segura, 1936), Joxe Azurmendi (Zegama, 1941), Paulo Agirrebaltzategi (Araotz, 1942) eta Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) dira.

Kideok erretiratuta daude orain aldizkariaren lehen lerrotik, eta zuzendaria Lorea Agirre da 2014az geroztik. «Jakin taldeak bere ibilbide luzean egindako lanaren izaera era honetan laburbildu daiteke: euskal kultur adierazpideak modernitatearen bidean kokatzen jakin du, guztizko askatasun intelektualari inoiz uko egin gabe, mendebaldeko zibilizazioaren balio aurrerakoien funtsaren gainean proiektu sortzaile iraunkor eta ireki bat eratzeko», azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak. Hala, Gipuzkoar guztien izenean, bost esparru hauetan taldeak egindako lana aitortu nahi du Foru Aldundiak: pentsamenduan, kultur eragintzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, eta euskara batuan.

Lasaren esanetan, «euskalgintza ulertzeko, bizitzeko eta aldarrikatzeko modu jakin bat garatu du Jakin taldeak: militantzia eta profesionaltasunaren uztarketa natural eta eraginkorra, euskaltzaletasunaren hobespena, kulturaren autonomia proiektu ideologiko eta politikoekiko, taldearen independentzia, euskararen zeharkakotasunaren defentsa praktikoa... Bere ekarpena ezinbestekoa da egungo euskal kulturaren aniztasuna eta hedadura ulertzeko».

Halaber, gogorarazi du Jakin taldea ez dela, nolanahi ere, aldizkaria zuzentzera eta kudeatzera mugatu. Talde horrek kanpoko plataforma ugaritan esku hartu dute, modu askotan: sortzaile, eragile, bideratzaile, bultzatzaile, edo partaide gisa. Besteak beste, honako hauetan: Uzei, Eusenor, EKB, Kontseilua eta Euskaldunon Egunkarian.

Jakinen bultzatzaileen aurretik, Frankismoaren biktimek eta haien senitartekoek (2017), Ramon Saizarbitoriak (2016), Juan Antonio Urbeltzek (2015), Benito Lertxundik (2014) eta Nestor Basterretxeak (2013) jaso zuten Domina.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos