Gipuzkoako emakumeak, gizonezkoak bezain ekintzaile

Ainhoa Aizpuru eta Nerea Ibañez. /G.F.A.
Ainhoa Aizpuru eta Nerea Ibañez. / G.F.A.

Emekin programaren emaitzen aurkezpenean nabarmendu dutenez, orain dela 10 urte %6,4ko aldea zegoen ekintzailetasun tasan, eta gaur egun %0,2koa baino ez da

10 urte bete ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ASPEGI Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak abiarazi zuten Ekimen programak. Emakumeen artean ekintzailetza sustatzea eta laguntzea du helburu eta, emaitzen arabera, esan daiteke eman dituela fruituak.

Emekin martxan jarri zen urtean, 2007an, Gipuzkoan gizon eta emakumeen ekintzailetasun tasaren artean %6,4-ko aldea zegoen. Gizonezkoen alde, jakina. Urtetik urtera gutxitzen joan da distantzia hori, 2016an %0,2-ra iritsi arte. Azkeneko datuen arabera, Gipuzkoan eta EAEn desberdintasuna %0,2an dago, eta Estatuan zifra hori %1,1-ekoa da. Izan ere, gizonezkoen ekintzailetza maila %3,8koa da, eta emakumeena %3,6koa. Gipuzkoako ekintzailetza maila EAEko media baino altuagoa da, baina Estatukoa baino baxuaoa, bai gizonen eta baita emakumeen kasuan ere.

Ekintzailetasunaren esparruan gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak atzean uztea zen, alegia, programaren xedeetako bat. Astelehen honetan Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak adierazi duenez, «oso garrantzitsua da gure lurraldearentzat eta gizartearentzat ekintzailetasuna bultzatzea, baita emakumeen ekintzailetasuna ere, genero desberdintasunaren aurrean aurrerapausuak ematen jarraitzeko».

849 enpresa berri

Oro har, Emekin programari esker emakume ekintzaileen presentzia areagotzen ari da urtetik urtera. Horren bidez 849 enpresa berri sortu dira emakumeen eskutik azken 10 urtean. 1.189 lanpostu sortu dira, 1.775 emakume elkarrizketatu dira, 1.591 sartu dira Emekin programan eta 1.167 bideragarritasun plan burutu dira guztira.

10 urte hauetan sortutako enpresen %55,59a zerbitzuen sektorekoa da, saltokietakoa %35,55a eta ostalaritzakoa %8,86a. Emakume ekintzaileen datuei begiratzen badiegu eskualdeka, Gipuzkoan Donostialdean daude emakume ekintzaile gehien (%38,08), Goierrik (%11,97) eta Beterrik (%11,21) jarraituta. Guztira 3.392.288,25€ inbertitu dira programa abian jarri zenetik.

«Datuek hobekuntza erakusten badute ere, asko dago oraindik egiteko», esan du Ainhoa Aizpuruk. «finantziazio tresna eta aukera berriak garatzen ari gara, proeiktuen bideragarritasunak hobetzeko neurriak arakatzen eta lurraldean presentzia areagotuko duen homologazio prozesu berriak martxan jartzen».

Emekin programaren 10. urteurrena dela eta, webgunea berrituko da eta jardunaldi bat antolatuko da udazkenean eragile ezberdinekin elkarlanean, ekintzailetasunaren balioak gizarteratzeko eta esperientzia ezberdinak plazaratzeko.

Lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako programa da Emekin, Aldundiak ASPEGI eta Labolal Kutxarekin batera aurrera daraman proiektua da, eta Europako Gizarte Funtsak %50ean kofinantziatzen du. Ainhoa Aizpururekin batera izan da Nerea Ibáñez, ASPEGI-ko lehendakaria, eta azpimarratu du: «Emekin-ek emakumea bere osotasunean ulertzen du, negozio-proeiktua bizitza-proeiktuarekin lotuz, enpresa sorkuntzaren marko tradizionala zabalduz. Emakume ekintzaileetan inbertitzea, ekonomikoki errentagarria izateaz gain, onura nabarmenak ditu gizartean».

Laguntza personalizatua ematen zaio programan parte hartzen duen emakume orori, baita beren proiektuen jarraipen osoa ere: harrera, informazioa, formazioa, tutoretza, bideragarritasun plana eta laguntza proiektua abian jartzen denetik urtebetera.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos