Geoparkeen aldizkari berria Euskal Kostaldekoak aurkeztuko du Fiturren

Geoparkeen aldizkari berria Euskal Kostaldekoak aurkeztuko du Fiturren
GEOPARKEA

Espainiar Estatuan dauden 12 geoparkeak deskubritzen dituen argitalpena asteazkenean aurkeztuko da, Euskadiko standean

Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkea Madrilen egingo den Fitur Nazioarteko Turismo Azokan izango da beste urte batez, eta Unescoren munduko geoparkeen aldizkari berria aurkeztuko du bertan. Azokak asteazken honetan, urtarrilaren 23an, irekiko ditu ateak, eta bost egunez egongo da zabalik, urtarrilaren 27ra arte.

Horrela, Geoparkeak jakinarazi duenez, azokaren inaugurazio egunean, 17:00etan, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Unescoren munduko geoparkeen geoturismo esperientzien aldizkari berria aurkeztuko du, Euskadiko standean. Egun Espainiar Estatuan dauden 12 geoparkeak deskubritzen dituen argitalpena da.

Cabo de Gata-Níjar, Sierras Subbéticas, Sobrarbe-Pirineos, Sierra Norte de Sevilla, Villuercas-Ibores-Jara, Catalunya Central, El Hierro, Molina Alto Tajo, Lanzarote & Archipiélago Chinijo, Las Loras, Tremp-Montsec eta Euskal Kostaldea dira geoparke horiek. Halaber, aldizkariak geoparke bakoitzerako zenbait geoturismo esperientzia proposatzen ditu.

Aurten Geoparkea arduratu da aldizkariaren edizioaz eta diseinuaz, eta hiru hizkuntzatan argitaratu da: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Aldizkaria paperean zein formatu digitalean eskuratu ahal izango da (geoparkea.eus webgunean), eta, Fitur azokan doan emateaz gain, urtean zehar egingo diren beste zenbait ekitalditan ere banatuko da, Unescoren munduko geoparkeak ezagutzera emateko asmoz, besteak beste, Berlingo ITB azokan eta nazioarte mailako geoturismoko ekimenetan.

Aldizkariaren aurkezpenean egongo dira Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udal ordezkariak, hiru alkateak buru, eta haiekin batera Unesco Geoparkeen Sare Globaleko koordinatzaile Nickolas Zouros egongo da. Era berean, Fiturren presente egongo diren geoparkeetako ordezkariak ere bilduko dira bertan.

Halaber, biharamunean, urtarrilaren 24, euskal itsas ondarearen harribitxia den Mutrikuko Arrietakua jauregia ezagutzeko bisita gidatuen aurkezpena egingo da Euskadiko standean, 17:00etan. Jauregian XVIII. mende hasieran eraiki zen, Interes Kulturaleko Ondare izendapena du eta Gipuzkoan ondoen gordetzen den ondare baliabideetako bat da. Jauregia Mutrikuko Hirigune Historikoan dago, 1995tik monumentu multzo izendatua. Gaurdaino bertan bizi izan da familia eta bere horretan mantendu da.

Arrietakua jauregia 2018ko ekainean zabaldu zen jendaurrera eta orduz geroztik ia 800 lagunek bisitatu dute. Bisita gidatuek Euskal Kostaldeko Geoparkearen kultur eskaintza osatuko dute, balio historiko-artistiko handia duen baliabidea gehituz. Arrietakua jauregia ezagutzeko bisita gidatuen erreserba geoparkea.eus webgunearen bidez egin behar da. Aurkezpenean Arrietakua jauregia sustatzeko egin berri den ikus-entzunezkoa ere ikusi ahal izango da.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos