Gaurko egunez

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Non nengoen 2001eko irailaren 11an? Gogoan dut bikotekideak telefonoz hots egin zidala, dorre biki baten suntsipenaren berri emateko. Pantaila piztu, eta handik gutxira beste hegazkin batek talka egin zuen bigarren dorrearen aurka. Hondamendiei buruzko pelikula bat zirudien, baina benetakoa zen. Ez naiz hemen azalpenetan luzatuko, mila bider ikusi baititugu irudiok, bai eta mila bider hunkitu ere. Geroztik, atentatu horrekin lotuta geratu da gaurko data. Irailak 11 esan, eta denoi datorkigu burura hegazkinen egun beltz hura. Hala ere, efemerideak gauza askoz gehiago eskain-tzen dizkigu, eta ez garrantzi makalekoak. 1906ko irailak 11n hasi zuen Gandhik indarkeriarik gabeko bere mugimendua. 1944an Britainia Handiko aireko indarrek Darmstadt hiria bonbardatu, eta 11.500 zibil hil zituzten. 1973an Augusto Pinochet buru zuten indarrek estatu kolpea jo zuten Allenderen gobernuaren aurka. 1977an Hegoafrikako Port Elizabeth hirian apartheidaren aurkako eragile zen Steve Biko koma egoeran utzi zuen poliziak galdeketa batean jasandako torturen ondorioz. Port Elizabetheko erietxe batera eraman ordez, Land Rover baten atzealdera biluzik eta eskuburdinak jarrita igo, eta handik 1.100 kilometrotara zegoen Pretoria hirira eraman zuten. Bidaian bertan hil zen hurrengo egunean.

Hots, efemeride guztiak ez dira tragikoak. 1962an The Beatlesek bere lehen singlea, 'Love Me Do', grabatu zuen Londresen. 1981an New Yorkeko MoMak Espainiari eman zion Gernika koadroa.

Batak ez du bestea kentzen. Jakina, gertaera guztiak ez daude maila berean. Baina ez da ariketa txarra noizean behin 'beste' irailak 11 horiek gogora ekartzea ere.