Gabino Murua, liztorrak teniseko erraketaz akabatzen dituen eztigile txapelduna

Gabino Murua, erlauntzak atzean dituela/
Gabino Murua, erlauntzak atzean dituela

Gipuzkoako Eztien Txapelketan garaile gertatu den gabiriar honek sagastiak ditu eta, batik bat, polinizaziorako ibiltzen ditu erleak

DVDonostia

Gabino Murua dugu Gipuzkoako eztigile txapeldun berria. Erlezale atipiko xamarra da, berak erlea batik bat sagastien polinizaziorako erabiltzen baitu. Horretan ere ederki nabarmendu baita: hamarkadak dira bere herrian, Gabirian, sagastiak landatu zituela, eta gainera gogotik saiatzen da bertako Errezil sagarraren festa ere aurrera ateratzen. Erlea zaintzea oso ofizio neketsu eta gorabeheratsu bihurtu omen da azkenaldian, batez ere liztor asiarraren erasoak direla eta, «baina asko disfrutatzen ari naiz», adierazi du.

Hain zuzen ere, azkeneko urte hauetan Gabiriako sagar festarekin batera ospatu izan da Goierri Beheko eztien lehiaketa. Azaroan hirugarren igandean izaten da azken urteotan. Gabino Murua hirugarren gelditu zen eta, halaxe, Gipuzkoako Txapelketarako txartela lortu. Zazpi eskualdetan egin ohi dira txapelketak eta hiru onenak pasatzen dira finaleko fasera. Beraz, Zegamako final horretara 21 ezti ailegatu ohi dira.

Lehengo igandean, Gabinok ezin izan zuen Zegamara azaldu, amaren heriotzaren lehenengo urtebetetze-meza zeukalako. Gipuzkoako lehenengo txapela du, eta aurretik bazuen bigarren postu bat.

Gabinok milalore tankerako eztia baino ez du egiten. «Hemen Gabirian, udaberrian, sagar-, gerezi- eta aran-lorea izaten da udaberrian, eta gero gaztaina pixka bat. Akaziarik ez dago», esan du.

Orain dela 25 urte hasi zen erlezain. «Sagarrondoen polinizazioan laguntzeko ekarri nituen erleak, hori izan zen hasierako helburu nagusia, eta orain ere hori da helburu printzipala», dio gabiriarrak. Hamahiru bat erlauntza edukitzen nituen, baina orain dela hamar urte gauza harrigarri bat gertatu zen: egun batetik bestera, bost-sei erlauntza hutsik agertu zitzaizkidan. Huts-hutsik. Inork ez zekien zer izan zen, batzuek estresa izango zela zioten, beste batzuek telefono mugikorren uhinak Ni neu lanpetuta nenbilen eta kendu egin nituen etxeko erle guztiak. Zazpi bat urtez gabe ibili nintzen, baina orain bi urte erretiroa hartu nuen, eta denbora baneukanez, atzera animatu egin nintzen eta erle batzuk ipini. Hamahiru dauzkat orain».

Erleek ezti ona egin zioten iaz, baina urria, eta gainera erlezale honi ez zaio gustatzen erleei ezti dena kentzea. Jana uzten die, negua ondo pasa dezaten. Ez du eztirik saltzen, etxerako lain baino ez du izaten.

«Iazko kanpaina beldurgarria izan zen. Hasteko, udaberria oso euritsua egin zuen. Gero, erle guztiak umeak botatzen hasi ziren; denak! Galdetu nuen erlezainen elkartean eta esan zidaten askori ari zitzaiela gauza bera gertatzen, eta kaxa pare bat erosi behar izan nuen. Gero, uztailean liztor asiarraren erasoak hasi ziren, eta abuztu, irail eta urrian oso lanpetuta ibili nintzen, hartu teniseko erraketa eta liztorrak azaldu ahala akabatzen. Liztorraren arazo hau erotzekoa da, eta erakundeen aldetik ez dut hainbesteko bultzadarik ikusten», jarraitzen du.

Erlezale ilustratua da Gabino, ez alferrik institutuko irakasle izan baita, eta DVren Gabiriako berri-emailea hamarkadetan. Asko mugitu da erlezaintzaz eta sagar kontuez etengabe ikasi eta ikasi egiteko. «Santander-Asturias alde horretan konturatu dira bertako arrano mota bat, 'águila abejera' delakoa, asko ari dela ugaltzen azkenaldian. Hasi ziren ikertzen, eta konturatu liztor asiarraren larbak jaten zituztela. Eta hortik asko dagoenez... Balear Irletan, berriz, esaten dute erabat hartu dutela mendean liztorra, prismatikoen bidez habiak topatu eta deseginda. Baina haiek uharteak dira, eta, hortaz, kontrolerako toki errazagoak. Esan izan da liztorrik ez dagoela 800 metrotik gora, baina ni Soria aldean ibili izan naiz, sagarra dela eta, 800 metrotik gorako parajeetan, jendeari galdetu eta bai, han ere badute arazo hori».

Bere sagastietan, Gabinok mota askotako sagarrondoak dauzka, ez bakarrik Errezil sagarrondoak. «Errezila nahiko auto-polinizatzaile ona da, baina hobe izaten da inguruan beste mota batzuk ere ipintzea, eta nik hala egiten dut. Adibidez, Reina de Reinetas ibiltzen dut, mota honen loraldia luzea izaten baita, eta honen azken lore-egunak eta Errezilaren lehenengoak batera izaten dira«. Eta gainera erleak baldin badabiltza lorez lore, polinizatzen…

Temas

Euskera