Borrar
Sarituen taldeko argazkia.
Euskarazko kazetaritzan nabarmendu direnentzako sariak

Euskarazko kazetaritzan nabarmendu direnentzako sariak

Ekimen berrien ondoan, ibilbide luzekoak hartu dituzte aintzat 29. ediziora heldu diren Argia sarietan

Viernes, 26 de enero 2018, 19:20

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

29. daramatzate Argia sariek euskarazko kazetaritza eta komunikazioa pixka bat harago eramateko gauza direnak eta euskaldunei aintzat hartzeko moduko ekarpenak egiten dizkieten sortzaile eta eragileak saritzen. Ostiral honetan iragarri eta banatu direnek ere oso kontuan izan dituzte bi arlo horiek, ekimen berri-berriak nahiz ibilbide luzekoak saritu dituztelarik.

Sortu eta gutxira lortu du saria, esaterako, sarean sortua izan arren paperari eskainitako kategorian saitua izan den Harmaila kirol aldizkariak. Iazko uztailean argitaratu zuen zero zenbakia, interneten, eta urte amaieran paperera egin zuen salto. Honakoa diote zenbaki horri buruz: "Hiru emakume ageri dira azalean, saskibaloi talde biren eta futbol talde baten presidenteak. 'Kirolean ere kristalezko sabaia hausten', dio goiburuak. Eta esaldi horrek balio dezake argitalpen berri honen filosofia islatzeko ere. Bazegoen beharra bai, kirol-prentsa tradizionalaren bizioak albo batera utzi eta kirolari bestelako ikuspegia emateko". Saria jaso dute Eñaut Barandiaran, Aitor Manterola eta Iñaki Berastegi sustatzaileek. "Patxadaz irakurtzeko aldizkaria da, kirola eta kirolaria erdigunean jartzen dituena, pasioa eta analisia uztartzen dituena, eta dena euskara hutsean, hutsune bat betetzea helburu", diote aldizkariari buruz.

Ikus-entzunezkoaren arloan, berriz, Txapelketa Nagusiaren azken txanpan bertsozale asko txunditu dituen bikoteak jaso du saria: Uxue Alberdi eta Aitzol Barandiaran saritu dituzte, Euskal Herriko Bertsolari Txalpelketa Nagusiari ETBn egindako jarraipenagatik. Honela azaldu dute sariaren zergatia: "Telebistak kultur ekitaldi bati tarte zabala eskaintzea, ez da egunero gertatzen den zerbait. Hauteskundeekin bezala pasatzen da agian, lau urtean behin ikusten dutela premia programatzaileek horrelako zerbait egiteko. A zer nolako erronka, beraz, tarte horri aurpegia eta ahotsa jartzea. Baina gure gaurko sarituek beldurrik gabe ekin zioten, normalean pilota-partiduetan erabiltzen diren kasko eta mikroak jantzita. Pilota-partiduetan bezala, gidari eta aditu paperak banatu dituzte, eta eskertzekoa da gidaria arra eta aditua emea izatea. Erretransmisio hutsa egitetik harago, iruzkin aberatsak egin dituzte: artista errespetatuz, baina gakoak emanez ikusten eta entzuten ari ginena baloratzeko. Busti egin dira iruzkinetan. Ados egon ala ez, eskertzen du hori ikusleak".

Irratigintzarako ere badago saririk, eta eskarmentu handiko profesional bati eman diote, Jokin Aldazabali, Euskadi Irratian ostegunetan, 22:00etatik 23:00etara emititzen den Ekosfera saioagatik. "Jendea gero eta gehiago kezkatzen da ingurumenaz, gero eta gehiago jakin nahi du. Jakin-min hori asetzen laguntzen du Irratiko Argia Saria jasoko duen kazetariak. Energia berriztagarriez, mugikortasunaz, hondakinez, uraz, ibaiez, lurrikarez, tren lasterraz… hizketan entzungo duzu informazio eta kolaboratzaile jantzien bidez, gai asko plazaratuz, orokorrak eta bertakoak, dena giro lasaian", azaldu dute, eta saria eman diote "Euskadi Irratiko uhinetatik kontzientzia ekologikoa hedatzeko egin duen lanagatik".

Interneteko saria Gabi de la Mazari eman diote Txantxangorria-Euskal Karaokeak Youtubeko kanalarengatik. "Zeinek ez du etxean, lagunartean edo festan abestu, gure sarituaren materialari esker? Euskara ikasleekin klasean lantzeko hasi zen, eta gaur egun ikasleek bakarrik ez, Euskal Herriko milaka herritarrek eskertzen diogu ahalegina. Gure ondare musikala garai berrietara ekarri du, mundura zabaltzen lagundu du. Youtuberrak modan dauden honetan bera da, segur aski, euskarazko Youtube kanalik arrakastatsuena daukan pertsona. 2.000 kanta baino gehiago, karaokeatzeko hartutako lanagatik eta horiek guztiak denon eskura jartzeagatik" jaso du saria de la Mazak.

Beste hiru sari ere banatu dira, sustapen ekintzari onenari emana, eta merezimenduzko bi. Iruñeko Udalak jaso du sustapen ekintza onenari emandako Argia saria, 2017ko sanferminetan 'Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske' estrategia komunikatiboa lantzeagatik. Merezimenduzko sariak, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek (Aiora Zulaikak, Joxe Mari Agirretxek eta Mertxe Rodriguezek) eta Bakearen Artisauek jaso dituzte.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios