Euskararen aldeko elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute Udaltopen hasiera ekitaldian

Euskararen aldeko lanak alderdi politikoen gainetik egoten jarrai dezan egingo dute lan, esan dutenez/Lusa
Euskararen aldeko lanak alderdi politikoen gainetik egoten jarrai dezan egingo dute lan, esan dutenez / Lusa

Nobedade gisa, Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua, eta Arabako eta Bizkaiko Foru aldundiak batu zaizkie Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak osatzen zuten antolamendu batzordeari

Macarena Tejada
MACARENA TEJADA

Udaltop udaletako euskara zerbitzuen topaketaren edizioa mezu argi batekin hasi da ostegun honetan, maiatzak 16, Lasarte-Orian: elkarlana etxetik hasten da. Lehendabiziko aldiz, aurten «euskararen herri guztiek barne hartzen dituen erakunde guztiak» izan dira Udaltopen antolatzaileak. Hau da, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak osatzen zuten antolamendu batzordeari, Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru aldundia batu zaie.

Zerrenda luzea izateak «elkarrekin lanean gaudela esan nahi du», adierazi du Lasarte-Oriako alkatea den Jesus Zaballosek. Bere hitzetan, «elkar ulertzetik hasi eta elkarrekin lan egiteko ematen ari gara urratsak». «Euskara beti egon da alderdi politikoen gainetik eta horrela jarraitzeko asmoa dugu», gehitu du.

Ideia hori landu da Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gogorarazi du zein zen euskararen egoera orain dela urte batzuk. «Atzera begira jarrita, ikusiko dugu zein garrantzitsuak izan diren azkeneko urteak euskararan hedakuntzarako», aldarrikatu du.

Balantze positiboa

Lasarte-Oriako euskara zinegotzia den Jon Antxordokik ere Udaltopen hasierari buruz jardun du. «Txiki-txiki hasi ginen, apal-apal, eta gero eta indar gehiago hartzen ari da Udaltop. Elkarlana oso positibotzat dugu».

Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bere legealdian zehar euskarak izan duen paperaz aritu da. Esan duenez, hasieran ikusi zuten «Euskalgintzarekin erakunde publikoek bultzatu beharreko elkarlana ezinbestekoa zela» eta berrikuntza ere «funtsezkoa zela».

Mikel Arregik, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak, ere parte hartu du Udaltopen edizio honetan. «Euskaraldiak eragin handia izan du Nafarroan eta bertan lan egiteko moduan, baina oraindik erronka handiak ditugu», adierazi du.

Igone Martinez de Luna, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura era Kirol saliko diputatua; eta Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua Udaltopera gerturatu dira. Beñat Arrabit Euskal Hirigune Elkargotik joateko zen, baina kanpoan dago eta ezin izan da gerturatu.

Temas

Euskera