Gipuzkoako Batzar Nagusiek Euskaraldiarekin bat egin dute

Batzar Nagusietan egin den bilkurako argazkia./
Batzar Nagusietan egin den bilkurako argazkia.

Erakunde-adierazpena onartu dute, gipuzkoarrei eskatuz «gogotsu bat egiteko Euskaraldiarekin»

Gipuzkako Batzar Nagusiek erakunde-adierazpen bat onartu dute non, Euskaraldiarekin bat egiteaz gain, gipuzkoarrei eskatzen dieten «gogotsu bat egiteko Euskaraldiarekin, etxean bezala kalean, lantokietan nahiz aisialdian, gurasoak elkarren artean eta seme-alabekin, gazteak gazteekin eta helduekin, euskaraz egiteko ohitura indartzeko eta errotzeko».

«Gainean da Euskaraldia -dio agiriak-, euskararen erabilera eragin nahirik sortutako ekimena. UNESCOk dio munduko hizkuntza-ondarea zaintzea eta hizkuntza gutxituak garatu ahal izatea dela mende honetako eginkizunik garrantzitsuenetako bat. 7.000 hizkuntza inguruk osatzen dute munduko hizkuntza-ondarea. Munduko biztanleen % 97k hizkuntzen % 4 hitz egiten du ama-hizkuntza gisa, eta biztanleen % 3k, hizkuntzen % 96».

Izan ere, «Gipuzkoan 100 hizkuntzatik gora hitz egiten dira baina bizikidetza osasuntsu baterako lehen urratsa euskara eta gaztelaniaren, bi hizkuntza ofizialen arteko harreman orekatua lortzea da, jakinik euskarak aurrera egin duela hamarkada hauetan baina oraindik aldea dagoela gaztelaniaren erabilerarekiko. Gipuzkoako erakundeek, tartean Batzar Nagusiek, Euskadiko herri errealitateari eta kulturari erantzun behar diotenez, erronka politiko behinenetako bat hizkuntza-berdintasuna lortzeko bideak ematen jarraitzea da, euskara lehenesten duten herri-politiken bidez».

«Beharrezkoa da euskara biziberritzeko norbanakoen, gizartearen eta Administrazioen arteko ahaleginak batera joatea eta elkarrekin indar egitea, Jaurlaritzaren Eta Hemendik Aurrera Zer txostenak dioen bezala, eta garrantzitsua da hizkuntza gutxituak babesteko gizarte-arau berriak aintzat hartzea» diote Batzar Nagusiek.

2016. urtean egindako VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, ezagutza nabarmen handitu da; erabilera ez horrenbeste. Gipuzkoan bizi den 2 urte edo gehiagoko biztanleriaren 10etik 6 euskalduna da, 10etik 7k ulertzen du euskara eta hitz egin, 10etik 4k, 16 urtetik gorakoen artean. Beraz, «erabiltzea da koska. Horregatik, ulermena are gehiago hartu behar da kontuan euskara bultzatzeko. Izan ere, Gipuzkoako udalerri gehienetan ulermena % 80tik gorakoa da, eta gainerakoetan biztanleen % 60k baino gehiagok ulertzen du euskara».

Erakunde-adierazpena

Azpimarratzekoa da Gipuzkoako ordezkari politikoen % 90 gai dela euskara ulertzeko eta % ia 87, euskaraz hitz egiteko. Batzar Nagusietan, batzarkideen % 78k daki euskaraz hitz egiten eta ezagutza hori nabarmen islatzen da Osoko Bilkuretan eta Batzordeetan. Bestetik, Gipuzkoako langile publikoen % 87k ongi edo oso ongi hitz egiten du euskaraz eta Batzar Nagusietako langile publiko guztiak gai dira euskaraz lan egiteko.

Aipatutako datuak eta Gipuzkoako egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta, erabileran eragiteko baldintza egokiak ditugu. Jaurlaritzak, Topaguneak eta hainbat eragilek asmatutako Euskaraldia aukera egokia da keinu bat egiteko Gipuzkoako herri-erakundeetan eta Batzar Nagusietan bertan, ulermena balioetsiz eta baliatuz euskaraz egiteko, ahobiziak eta belarriprestak medio.

Horiek horrela, Gipuzkoako Batzar Nagusiek erakunde-adierazpen hau onartu dute:

1. Gipuzkoako Batzar Nagusiek bat egiten dute Euskaraldiarekin eta hori adierazteko, erakunde-adierazpena irakurriz hasiko dugu azaroko Osoko Bilkura.

2. Azaroaren 23tik abenduaren 3 arte iraungo duen Euskaraldian zehar, Batzar Nagusietako jardueretan euskaraz egitea sustatuko dugu ahobiziak eta belarriprestak izanez.

3. Batzar Nagusietako taldeen asmoa eta nahia da hemendik aurrera ere euskaraz egitea eta Euskaraldiak irautea, euskaraz egiteko ohitura indartzeko eta zabaltzeko gure baitan eta gure inguruan.

4. Gipuzkoako Batzar Nagusiek Udalei eta Foru Aldundiari eskatzen diete lurralde mailako politika bateratuak landu ditzatela euskararen erabilera indartzeko.

5. Batzar Nagusiek gipuzkoarrei eskatzen diete gogotsu bat egiteko Euskaraldiarekin, etxean bezala kalean, lantokietan nahiz aisialdian, gurasoak elkarren artean eta seme-alabekin, gazteak gazteekin eta helduekin, euskaraz egiteko ohitura indartzeko eta errotzeko«

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos