Euskaltegien ikasturtea martxan da dagoeneko

Euskaltegien ikasturtea martxan da dagoeneko
Irekia.eus

Paula Elosua EHUko Psikometria katedradunak eman zion hasiera Kursaalean irailaren 13an

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODONOSTIA.

Euskadiko euskaltegien sareak 2019-2020 ikasturte akademiko berriari eman zion hasiera atzo, Donostiako Kursaalean egindako ekitaldi baten bitartez. Urtero bezala, hitzaldi akademiko bat eskaini zen ekitaldi horren barruan, aurten Paula Elosua EHUko Psikometria katedradunaren eskutik.

Elosua proben bidezko ebaluazioaren esparruan itzal handieneko International Test Commission (ITC) erakundearen idazkari nagusia da. Ekitaldian, baita ere, Bingen Zupiria, Eusko Jaularitzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea; Jokin Azkue, HABEko zuzendaria; Mertxe Mujika, gizarte ekimeneko euskaltegien ordezkaria eta Jesus Mari Asurabarrena, udal euskaltegien ordezkaria izan ziren.

Ekitaldiaren hasieran Zupiria sailburuak azpimarratu zuen Eusko Jaurlaritzaren eta euskalgintzaren konpromezua euskararen munduan azaltzen diren erronkei heltzeko. «Argi dago, euskararen kontu hauetan gauza batzuk begi-bistan dauzkagula, asko baikor izateko modukoak. Baina bada beste mundu bat, haratago, zaindu beharrekoa eta, unean unean, gure prozesu honek dituen argi-itzalak ikusgai uzten dituena eta etorkizuneko eginkizun eta erronkak ezartzen dizkiguna. Bai begi-bistako mundu hori eta bai haratago dagoena kudeatzeko asmo sendoa daukagu hemen gauden guztiok, eta elkarrekin egitekoa gainera», esan zuen.