Euskal Kostaldeko Geoparkea ebaluatuko dute datorren astean

Geoparkeko paisaia zoragarriak, udaberrian Zumaia aldean egindako argazkian./LOBO ALTUNA
Geoparkeko paisaia zoragarriak, udaberrian Zumaia aldean egindako argazkian. / LOBO ALTUNA

Unescoren Geoparkeen Munduko Sareko bi ebaluatzailek egingo dute bisita, izendapenari eusteko baldintza betetzen dituela ziurtatzeko

Unescoren Geoparkeen Munduko Sareko bi ebaluatzailek Euskal Kostaldeko Geoparkea bisitatuko dute datorren astean, asteartetik ostegunera, uztailaren 10etik 12ra, Unescoren Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eutsiko dion erabakitzeko.

Ebaluatzaileak Irlandako Copper Coast Geoparketik eta Japoniako Unzen Geoparketik helduko dira. Bisitaren helburua da Euskal Kostaldeko Geoparkearen azken lau urteetako kudeaketa eta eman diren aurrerapausoen azterketa sakona egitea, Unescoren Munduko Geoparke izateko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko.

Geoparkeko arduradunek jakinarazi dutenez, hiru egunez, erakundeetako ordezkariekin, teknikariekin eta zonaldeko eragile ezberdinekin elkartuko dira ebaluatzaileak, eta Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatuko dituzte. Azterketaren emaitza 2019ko martxoan emango dute ezagutzera.

Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010etik da Unescoren Munduko eta Europako Geoparkeen Sareko kidea. Unescoren Munduko Geoparkeek izendapen hau lau urterako eskuratzen dute eta, epe hau igarota, berriro aztertzen da geoparkearen funtzionamendua eta kalitatea, errebalida prozesu zorrotz baten bitartez.

Debak, Mutrikuk eta Zumaiak osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea. Ondare geologiko, natural eta kultural aparta gordetzen du eta horren inguruan antolatzen da ikerketa zientifikoan, kontserbazioan eta natura turismoan oinarritutako tokiko garapen jasangarrirako estrategia.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos