Errigorak 800.000 eurorekin ureztatu du euskararen suspertzea Nafarroa hegoaldean

Ekimenean parte hartzen duten eragile guztien ordezkariak bildu ziren aurkezpenean, saski eta guzti./
Ekimenean parte hartzen duten eragile guztien ordezkariak bildu ziren aurkezpenean, saski eta guzti.

Ostegun honetan, urriak 25, abiatuko da bosgarren urteurreneko udazkeneko kanpaina, eta azaroaren 14ra arte eskatu ahal izango dira saskiak

Azken urteotan, 800.000 euro bideratu dira 'Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka' kanpainaren bidez Nafarroako hegoaldean, euskarak inolako errekonozimendu ofizialik ez duen eremu zabalean, ikastolak eta AEK indartzera eta, Sortzen elkartearen bidez, sare publikoan D ereduko taldeen sorrera sustatzera.

2012ko udazkenean sortu zen ekimena, Zazpiak Bat Harreman Sarearen eskutik eta Nafarroa hegoaldeko bi ekoizleren produktuekin. Orduko hartan, 34.000€ lortu ziren Argia Ikastolarentzat, eta formularen eraginkortasuna frogatu ostean aurreneko kanpaina orokorra jarri zen abian. Orduz geroztik, hedatzen joan da urtez urte eragile ugari biltzen dituen eta denentzat abantailak dituen ekimena.

Bosgarren urteurrena dela eta, kontsumitzaileei Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktuak zuzenean jasotzea eta euskararen sustapena laguntzea ahalbidetzen dien ekimena Nafarroako Parlamentuan aurkeztu dute, gogoratuz «oraindik Nafarroa hegoaldean euskarak dituen erronkak oso handiak» direla eta inoiz baino garrantzitsuagoa dela «urriaren 25etik azaroaren 14ra saskiak eskatu eta denon artean putz egitea gure hizkuntzak hegan egin dezan».

Azkeneko kanpainetan bezala, bi saski izango dira aukeran: beltza (Errigoraren saski klasikoa) edo zuria (berritasunak eta produktu bereziagoak jasotzen dituena). Saski bakoitza 50 euroren truke eskuratu daiteke eta, auzolanari esker, %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.

Aurtengoan bertako 23 ekoizlek eskainiko dituzte haien produktuak. 23 kontserba-etxe eta olio-errotaren atzetik dozenaka langile eta ehunka nekazariz osatutako familia dagoela gogorarazi zuten aurkezpenean.

Eskaerak tokian toki eskuorriak betez ala, modu errazean, online egin daitezke, Errigoraren web gunean (www.errigora.eus). 200 herri baino gehiagotan egongo da eskatzeko aukera, eta hauetako gehienetan hainbat banaketa-guneren artean aukeratu ahal izango da. Eskaera egiterakoan gune horietatik bat aukeratuko dugu, eta orduantxe jakinaraziko zaigu noiz pasa beharko dugun jasotzera.

Orain arte lortua

Errigoraren komunitatea osatzen duten ekoizleak, herrietako sareko boluntarioak, kontsumitzaile arduradunak, euskalgintzako eragileak eta bidelagunak bildu ziren aurkezpenean. Errigoraren, zonaldeko ikastolen, AEKren eta Sortzenen ordezkariak mintzatu ziren, «urte hauetan euskarari bideratutako 800.000 euroen hartzaile diren aldetik».

Denek nabarmendu zuten ekarpen garrantzitsua izan dela urteotakoa. Egoera ekonomiko zailean diren Nafarroa hegoaldeko ikastolei, haien izenean Argiñe Kortak esan zuenez, «arnasa lasaiago hartzeko» balio izan die. Hutsuneak bete eta konponketak egiteko erabili dute dirua, baina hortik harago, erronka berriei heltzeko beharrezko hainbat inbertsiori aurre egiteko aukera ere eman die. Besteak beste «gelak hornitzeko materiala erosteko, IKTetan inbertitzeko, azpiegiturak egokitzeko, berogailu sistemak hobetzeko...»-

Sortzenek, berriz, sare publikoan D ereduko taldeak sustatzeko erabili du jaso duen diru partida azken urteetan. 2015era arte «euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen aldeko dinamikak hauspotzera bideratzen zuen ekarpena», baina, urte hartako otsailetik, «zonalde zigortuan haurrak D ereduan matrikulatzeko aukera zabaldu zen eta, beraz, D ereduaren aldeko dinamikak eta kanpainak garatzeari ekin zioten». Hiru ikasturteotan bederatzi herritan martxan sortu dira D ereduko lerroak, eta honetan izan du eraginik Sortzen elkarteaek egindako ahaleginak.

AEKk diru-ekarpenaren parte handi bat ikasleei matrikula arintzeko beka-sistema martxan jartzera bideratu du. Ikasturteko eskolen %75etik gora jaso duten ikasleei gutxienez matrikularen erdia (%50etik %65era, urtearen arabera) ordaindu zaie era honetan. Alizia Iribarrenek adierazi duenez, beka hauek, ikasleen poltsikoetan ez ezik, Erriberako AEKren matrikulazioan nabarmen antzeman dira: 2013-14 ikasturtetik 16-17ra %70 hazi zen matrikulazioa Goi eta Behe Erriberan.

Euskaraldia ere izan zuten gogoan aurkezpemeam. Hilabete barru abiatuko den esperientziaren terminoak erabiliz, «urteotan Errigora egiten dugun guztion ahaleginari esker Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratutako diru-ekarpenak ahobizi eta belarriprestak sortzeko ahaleginera bideratu dira». Hain zuzen ere, aurtengo kanpainan leku berezia izango du Euskaraldiak, «une honetan euskalgintzak duen egitasmo nagusia den heinean».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos