Elkartasuna Zehra Dogan artista eta kazetari kurdu atxilotuarekin

Joan den martxoan New Yorken egin zuen mural erraldoi honetan Zerhra Doganen askatasuna eskatu zuen Banksyk./TIMOTHY A. CLARY/AFP
Joan den martxoan New Yorken egin zuen mural erraldoi honetan Zerhra Doganen askatasuna eskatu zuen Banksyk. / TIMOTHY A. CLARY/AFP

Haren lanen erakusketa bat dago Donostiako Kaxilda liburu-denda eta jatetxean, eta afari bat ere egingo da asteazken honetan

Zehra Dogan 1989an jaio zen kurdueraz Amed eta turkieraz Diyarbakır izena duen Kurdistan turkiarreko hirian. Marrazkilari eta margolaria izateaz gain, emakumez osatutako Jinha berri agentzia feministako sortzaileetako bat izan zen 2010ean. Agentzia horretako berrimaileak izan ziren, askotan ezinbestean kazetari bilakatuta, Iraken edo Sirian gerrak bereziri gogor jotako emakumeen ahotsa helarazten zutenak. PKKren eta Turkiako armadaren arteko borroken berri ere eman zuen Doganek.

2016an agentzia ixtera behartu dituzten, eta Zerha Dogan urte berean atxilotu eta kartzelaratu zuten, margolan baten eta informazio baten kontura «terroristen aldeko propaganda» egitea egotzita. Nusabyin hiriaren suntsiketa islatu zuen argazki baten gainean egindako margolanean, eta hiri horretantxe izan zen atxilotua. Zigorra irmoa izan aurretik, hilabete batzuk igaro zituen kartzelatik kanpo, baina ia hiru urteko zigorra berretsi zutenean berriro kartzelaratu zuten, eta Turkiako kartzela batean jarraitzen du.

Azaroaren 28az geroztik, Zehra Doganen zenbait lan ikusgai daude Donostiako Kaxilda liburu-denda eta jatetxean, eta astearte honetan, abenduak 12, mahai-ingurua eta elkartasun afaria egingo dira bertan, Doganen egoera ez ezik herri kurduarena ere gogora ekartzeko. Saioa 18:30ean hasiko da.

Aurrena, Karlos Zurutuzak 2009an zuzendu zuen 'Irakeko kurduak, bizitza bazterbidean' dokumentala proiektatuko dute. Ondoren, mahai-inguruan, Kurdistanen azken 30 urteotan izandako gorabehera politiko eta historikoez mintzatuko da gaia bertatik bertara ezagutu duen Manuel Martorell historialari eta kazetariak, eta Durangoko Suargi Elkarteko lagunek Rojavako (Siriako Kurdistanen, alegia) Kobane hirian dituzten proiektuez hitz egingo dute.

Elkartasun afari bat izango da ondoren. Aldez aurretik izena ematea komeni da, 943571987 telefonora deituz edo kaxilda@kaxilda.net helbidera idatziz. 15 euroko prezioa du afariak, eta bildutako dirua Zehra Dogani laguntzeko kanpainara bideratuko da.

Temas

Euskera