Elkarlana eta kohesioa sustatzen duten proiektuentzako laguntzak

Laguntza jaso duten proiektuetako ordezkariak Udalbiltzakoekin batera, /
Laguntza jaso duten proiektuetako ordezkariak Udalbiltzakoekin batera,

UEU, Euskarabentura, Gastibeltza Filmak eta EHKO Agro-ekologia izan dira Udalbiltzaren bultzada jaso duten egitasmoak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

«Euskal Herriko kohesioa eta herritarren arteko elkarlana» sustatzen duten lau proiektu babestuko ditu Udalbiltza Partzuergoak, kohesio horretan «baikorki eragiten duten» ekimenak bultzatzeko. Udalbiltzak, hain zuzen, iaz berrekin zion egitasmo horri, 10.000 eurorekin. Aurten handitu egin da partida, 12.000koa delarik. Ohar baten bidez azaldu dutenez, «lehen fasean, EHKolektiboa, UEU, Gastibeltza Filmak eta Euskarabentura elkartea izan dira laguntzaren jasotzaileak».

«Proiektuen berritasuna, Euskal Herriaren kohesioan duten eragina eta haien gauzapen eremu geografikoaren ezaugarritzeak» hartu dira kontuan. Luis Intxauspe, Udalbiltzako Lehendakariak adierazi duenez, «aurten, Udalbiltzaren babesa jaso duten ekinbideek, euskal eremu ezberdinetako herritarren artean elkarlana sendotzeko duten indarrarengatik nabarmentzen dira, eta horixe bera da Partzuergoak areagotu nahiko lukeena datozen urteotan».

Proiektu bakoitzak alor ezberdinetatik egiten dute haien ekarpena Intxausperen arabera: «Agro-ekologiatik, ikerkuntzarainoko eta ikus- entzunezko ekoizpenetik, euskaldun gazteen saretzerainoko bidea egiten dute lehen fase honetan sustatu diren proiektuak».

Agro-ekologiaren esparruko ekoizle eta kontsumitzaileak biltzen dituen EHKolektiboak «muga administratiboez gaindi, Euskal Herriko nekazari eta abeltzainak elkartzeko eta topaketa sektorialen bidez aurrerapausoak modu koordinatuan emateko apustua egiten du. Aurten, zazpi lantalde osatzea du xede: artzaiena, behi-esne ekoizleena, sendabelarrena, baratzezainena, frutazainena, erlezainena eta ziurtapen-teknikariena».

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), berriz, «Ikergazte Nazioarteko euskarazko ikerkuntzaren inguruko III. kongresua ospatuko du Baionan maiatzaren 27, 28 eta 29 bitartean. Sarietako bat Udalbiltza Partzuergoak eskainitakoa izanen da».

Gastibeltza euskal ekoizpen eta banaketa etxeak, berriz, Josu Martinezek zuzenduriko 'Anti' filma laburra aurkeztuko du laster, «Euskal Herriko txoko ezberdinetako partaideekin —aktore, teknikari…— ekoizten ari dena, eta euskararen erabilpena eteko eskoletan baliatzen zen zigortze-sistema ardatz duena».

Azkenik, Euskarabentura elkarteak, ekimenaren bigarren udako espedizioa abiarazi du, euskal lurralde guztietako eta diasporako 120 gazte euskaldun elkartu eta hilabete batez, Euskal Herria geografikoki, historikoki eta noski, kulturalki, punta batetik bestera zeharkatzeko.

2018 urtean, bederatzi ekinbide babestu zituen partzuergoak: Elorripe Elkarteak antolaturiko Iparra-Hegoa dinamika; Euskal Moneta Zuberoan hedatzeko kanpaina; Sortzen Ikasbatuazen Ikasle euskaldun eleaniztunak hezteko hazkuntza proiektuaren gida praktikoa, Azia elkartearen Zuberoako gazteen lanbideen gida; Argantzungo Ikastola; IENER kooperatibak gidaturiko metanizazioaren inguruko ikerketa; Mauleko Zinka Bizirik elkartearen azpiegituren hobetzea; Etxabarrengoa elkartearen Orreagako gudaren inguruko unitate didaktikoak eta Mugak Apurtu elkartearen urteko ekintzak.

Temas

Euskera