Ekainaren 2ko eskola publikoen jairako prest daukate egitaraua Errenterian

Jaiaren aurkezpeneko irudia/Lobo Altuna
Jaiaren aurkezpeneko irudia / Lobo Altuna

Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaia, 'Makina bat taupada' lelopean egingo dute. Jaiaren egitaraua sei gunetan antolatuta egongo da

Ekainaren 2an ospatuko da Errenterian Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaia, 'Makina bat taupada' lelopean. 'Makina' hitzak Errenteriaren historia industriala irudikatu nahi du, eskola publikoen sistemaren aldeko apustua egiten duten milaka lagunak ere gogoan hartuta. Jaiaren egitaraua sei gunetan antolatuta egongo da eta hamaika jardueraz gozatzeko aukera izango da, ostegun honetan jakinarazi dutenez.

Hasteko, ekainaren 1ean, larunbata, hainbat ekintza burutuko dira udalerrian jaiari harrera emateko. Gamon Zumardia gunean, familian jolasteko aukera izango da 16:00etatik aurrera. Gainera, bisita gidatu bat egingo da 16:00etatik 17:30era. Gero, 19:00etan, Nerabe talde donostiarraren kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da.

Jaiaren egunean, sei gunetan banatuko dute egitaraua: Koldo Mitxelena, Gamon Zumardia, Gernika plaza, Herriko plaza, Foru plaza eta Ondartxo-n, hain zuzen.

Koldo Mitxelena eskolarena izango da lehenengoa. Bertan, 15:00etatik aurrera, hainbat elkartek eskainitako tailerrak egingo dira: Juneren Hegoak (gaixorik dauden ume eta euren familiei laguntzen dien gobernuz kanpoko erakundea), Mindara (dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzeko elkartea), eta Begisarek (Erretinosi pigmentarioa duten pertsonei laguntzen dien elkartea) antolatu dituzte horiek.

Gamon Zumardia izango da jaiaren bigarren gunea. 12:00etan Pirritx, Porrotx eta Marimotots igoko dira oholtzara 'Musua' ikuskizunarekin, «musuek ere mundua biraka jartzen dutela erakusteko prest». 11:00etatik aurrera giza balioak Euskal Herriko txoko guztietara musika bidez helarazteko sortu zen Baloreak proiektuaren eskutik, egitasmo interaktibo batean parte hartzeko aukera egongo da. Arratsaldean musika izango da protagonista. 16:00etan, Demode Quartetek 'Epa Txiki' ikuskizuna eskainiko du Agirre Lehendakariaren plazan, Nogen taldeak kontzertua eskaini aurretik.

Kiosko gunean Eroski eta Euskaltel guneak egongo dira, Eroski Elikadura Eskolako programarekin eta Euskaltel inbasio estralurtarra gertutik ikusteko aukera emango duten errealitate birtualeko betaurrekoekin. Halaber, EITBren Hiru3 gunean argazkiak ateratzeko aukera egongo da.

Gernika Plaza izango da jaiaren hirugarren gunea, eta puzgarriak izango dira bertan. Kontzertuen gunea izango da laugarrena. Foru Plazan, aldiz, Apaxi ipuin kontalariaren istorioak zeinu hizkuntzan jarraitu ahal izateko aukera egongo da.

Ondartxo gazte gunea izango da, alkoholik gabekoa. 11:30etan ergometroak frogatzeko aukera izango da (arrauna makinetan) eta skate erakusketa eta tailerra eskainiko du Life Style taldeak. 11:30tan eta 12:30etan DJ Txurru, Aneguria eta Asier Burguetek (Goazen-eko aktorea) musika jarriko dute. Bestalde, egunean zehar graffiti erakustaldia, skate zirkuitoa, erakusketak eta kale animazioa egongo dira. Gainera, arraun ikastaroa egongo da Hibaika Arraun Elkartearen eskutik.

Temas

Euskera