Ekaingo kobaren aurkikuntzaren 50 urteak ospatzeko, ikuskizun eta hitzaldiak

Ekaingo labar-pinturak/Luis Michelena
Ekaingo labar-pinturak / Luis Michelena

Azpeitiko Antxieta taldeko Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal espeleologo gazteek aurkitu zituzten Ekain kobazuloa eta paleolitoko labar-margoak; omenaldiari hasiera emateko, Debako Agirre Jauregiak erakusketa ireki du, eta Aranzadik hainbat hitzaldi prestatu ditu ekainerako

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Ekaingo koba 1969ko ekainaren 8an aurkitu zuten bi gaztek, eta maiatza eta ekaina bitartean hainbat jarduera egingo dituzte kobazuloa eta bertako labar pinturak ezagutu ahal izateko. 2008an UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen beste 17 santutegirekin batera; Altxerri eta Santimamiñe, besteak beste.

Azpeitiko Antxieta taldeko Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal espeleologo gazteek Ekain kobazuloa eta paleolitoko labar-margo ikaragarriak aurkitu zituzten. Handik aurrera, Aranzadi Zientzia Elkarteko historiaurre saileko arkeologoek ikertu dute Ekain, eta aurkikuntzak gizarteratzeko ahaleginak egin dituzte geroztik.

Ekaingo haitzuloa Madeleine aroko labar-pinturengatik da ezaguna, bereziki arte franko-kantabriarraren zaldi-multzoen pinturengatik. Kobazuloan, gutxi gorabehera, 70 animalia-irudi daude; 64 margotuak eta 6 grabatuak. Zaldia da gehien errepikatutako irudia, baina hartzak, oreinak eta kapridoak ere ikus daitezke bertan.

Omenaldiari hasiera emateko, Debako Agirre Jauregiak erakusketa ireki du maiatzaren 10ean. Lehen aldiz, Ekaingo margoak erreplikatu zituzten kalko originalak ikusi ahalko dira, kobazuloan sartu ziren lehen ikerlariek egindakoak, hain zuzen. Ekainaren 8ra arte doan bisitatu daiteke, asteartetik larunbatera (18:00-20:00) eta igandeetan (12:00-14:00).

Ekainaren 7anizango da ekitaldi nagusia. Arratsaldeko 19:00etan Donostiako Victoria Eugenia antzokian, lehen gizakien bizimodu sinbolikoa oholtzara ekarriko du Tanya Tagaq abeslari inuitak Dantzaz konpainiarekin. Orfeoi gazteak ere parte hartuko du. Leizearen deskubrimenduari buruzko dokumental laburra estreinatuko da, eta bertaratzen direnei liburu monografikoa banatuko zaie.

Hitzaldiak Koldo Mitxelenan

Ikuskizun horretaz eta erakusketaz gain, hainbat hitzaldi prestatu dituzte ekainerako. Gaur egun ikerketa arkeologikoan diharduten zientzilariei emango baitzaie hitza, eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egingo dira saioak, 19:00etan.

Ekainaren 4an, 'Nola aldatzen diren gauzak!' Gipuzkoako Paleolitoa, 35 urteetako jarduera arkeologikoaren ondoren' hitzaldia egingo du Alvaro Arrizabalaga UPV/EHUko ikertzaileak; ekainaren 11an, 'Caballos digitales: nuevos descubrimientos e investigaciones en el arte parietal de la cueva de Ekain' hitzaldia egingo du Blanca Ochoa-Frailek, UPV/EHUkoa hori ere; ekainaren 20an, 'Goi-Azken Magdalen-aldi Azil-aldi trantsizioa Kantauriar erlaitzean' jorratuko du UPV/EHUko Daniel Ruiz-Gonzalezek; eta hilaren 27an, 'Entorno a Ekain: nuevos descubrimientos e investigaciones sobre el arte paleolítico en Euskal Herria' hitzaldia emango du IIPCko Diego Garate Maidaganek.

Ekimenak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak, Donostia Kulturak eta Deba zein Zestoako Udalek babestu dute.

Temas

Euskera