Lau egun igaroko ditu Gipuzkoan EuskarAbenturak

Eguraldi txarraren ondorioz, etaparen batzuk trenez edota autobusez egin behar izan dituzte. Argazkian Gasteizko tren geltokian ageri dira. /EUSKARABENTURA
Eguraldi txarraren ondorioz, etaparen batzuk trenez edota autobusez egin behar izan dituzte. Argazkian Gasteizko tren geltokian ageri dira. / EUSKARABENTURA

Aguraindik Zerain arteko etapa autobusez egin ostean, datozen egunetako helmugak Tolosa, Hernani eta Irun izango dira

Araban zenbait egun igaro ondoren -Nafarroatik zetozela, uztailaren 12an sartu zen espedizioa Araban- Gipuzkoan emango ditu hurrengo egunak EuskarAbenturak. Dagoeneko Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Araban 210 kilometrotik gora egin dituzte oinez parte-hartzaileek. Ekimenaren xedeari jarraiki, etapa gehienetan izan dute parte-hartzaileek hartu dituen herriaren historia, ohiturak eta izaera hobeto ezagutzeko aukera.

Espedizioaren berri ematen ari direnek azaldu dutenez, «asteburua ez da erreza izan jzioquitarrentzat, izan ere, hainbat lagun gorako eta beherakoarekin izan dira, eta medikuak zein erizainak lan nahikotxo izan dute. Halere, ez da ezer larririk gertatu eta dagoeneko taldekide guztiak osatu dira». Gainditu dute alegia 'gastrokrisia'.

Igandean, trenez egin zuen etapa espedizioak Gasteiztik Aguraineraino. Bertan, Ane Pedruzok eta Beñat Garaiok Arabako errealitate soziolinguistikoaren berri eman zieteneta Iñaki Viñaspre bertsolariak giroa berotu zuen bertso-rapa, free style, beat box, dance hall eta bestelakoak partekatuz gazteekin. Bazkalostean, berriz, Badaiotz sokatira taldeko Ruth Linazak eta Garbiñe Lopez de Uraldek sokatiraren gakoak hurbildu zizkieten gazteei, eta hainbat tiraldi egin zituzten.

Kirolaren ostean, Asier Lafuentek, Lautadako Euskararen Komunitateko kideak, Euskaraldia zer den azaldu zien gazteei. Azaroan, Euskal Herri osoan garatuko den euskararen erabilera sustatzeko aktibazio ariketaren harira erronka bat proposatu zion espedizioari, «Lautadan zaudeten bitartean dena euskaraz egitea».

Astelehen honetarako gorriz margotutako etapa gogorra zuen aurretik EuskarAbenturak, baina eguraldi iragarpen txarra eta asteburuko gaixotasuna kontuan hartuta Aguraindik Zeraineraino autobusean joatea erabaki du antolakuntza taldeak.

Horrela, Agurain inguruan kokatutako Sorginetxe trikuharria ezagutzeko tartea izango dute batzuk; besteek, berriz, goiza lo egiteko eta deskantsatzeko aprobetxatuko dute. Astelehen arratsaldean iritsiko dira Zerainera, eta asteartean, goiz parteartean Ormaiztegiko meategiak ikusi ostean, Tolosarantz abiatuko dira trenez, bertan egitarau joria prestatu dietelarik.

Hurrengo lau egunetan Gipuzkoa zeharkatuko du 130 lagunez osatutako espedizioak. Zerain eta Tolosaz gain, Hernani eta Irun izango dira hurrengo helmugak eta lotarako lekuak Gipuzkoara egingo duten aurreneko bisita honetan. Izan ere, bigarren batean, datorren astean, Donostia eta Gipuzkoako kostaldea ezagutzeko aukera izango dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos