Doako aho-hortzetako arreta Klinika Solidarioan

56 dentista boluntarioren lanari esker ari da funtzionatzen Klinika Solidarioa./
56 dentista boluntarioren lanari esker ari da funtzionatzen Klinika Solidarioa.

Azken hiru urteotan, Gipuzkoako Haginlarien Elkargoko dentista boluntarioek Caritasetik datozen baliabide ekonomikorik gabeko 150 bat pertsona artatu dituzte

2015ko irailean martxan jarri zenetik, Klinika Solidarioak doako aho-hortzetako arreta eskaini die baliabide ekonomikorik gabeko 150 pertsona ingururi. Azken hiru urteotan, Gipuzkoako Haginlarien Elkargoko 56 dentista boluntariok mila tratamendutik gora burutu dituzte egoera ekonomiko larrian dauden pertsonen aho-hortzetako beharrak betetzeko. Izan ere, arazo odontologiko larriak izan ohi dituzte pobrezian dauden pertsonek.

Gipuzkako Haginlarien Elkargoak ohar baten bidez jakinarazi duenez,«Klinika Solidariora jotzen duten pertsonek ez dute dirurik aho-hortzetako tratamenduei aurre egiteko, ezta Administrazioen diru-laguntzarik ere. Etxebizitzarik gabeko pertsonak klinikaren ohiko pazienteak dira, baita egoera ekonomiko larrian dauden guraso bakarreko familiak ere. Guztiak Caritasek Gipuzkoan dituen zentroetan izena ematen dute doako tratamendu odontologikoak jasotzeko».

Klinikan burutzen diren tratamendu gehienak kontserbatzaileak dira, batez ere hortz-obturazio eta berreraikitzeak, baina baita higieneak, endodontziak, erauzketak edota hortz-arraspatzeak ere. Gainera, 2018an Klinika Solidarioa protesi partzialak edo osoak jartzen hasi da Odontolan hortz-laborategiari esker, baita Osakidetzaren Haurren Hortzak Zaintzeko Programan sartzen ez diren tratamenduak umeei eskaintzen ere.

Pazienteek 12 euroko prezio sinbolikoa ordaintzen dute kontsulta bakoitzeko, nahiz eta tratamendu bat baino gehiago behar izan. Caritasek ordaintzen du kontsulta pazienteak baliabiderik ez duenean.

Klinika Solidarioak aho-hortzetako higienista bat du lanaldi partzialeko kontratuarekin, aho-hortzetako higienista eta laguntzaile boluntario talde bat eta azken hiru urteotan boluntario lan egin duten 56 dentista. Gipuzkoako Haginlarien Fundazioak langabezian egoteagatik erantzukizun zibileko asegurua ez duten boluntarioei asegurua ordaintzen die.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos