

Secciones
Servicios
Destacamos
'Rare earths' dute izena ingelesez. Tierras raras gaztelaniaz. Terres rares frantsesez. Misteriotsua dirudi adierak. Joandako garaietako mapak ekartzen dituzte burura, kartografo ameslari/irudikor haiek kontu eta arte handiz marrazturiko mapa horiek, non hutsuneak 'terra ignota' (lur ezezaguna,hots) adieraz seinalatzen ziren ez baitzen artean gutako inor hara ailegatu.
Lur arraroak. Lur bitxiak. Lur estrainioak. Tolkienek berak eta antzeko aztiek sorturiko munduez ari garela ematen du, fantasiarako sarbidea dirudite hitz horiek, lur-arraro-ezezagunak… Zer misterio, zer ustekabe gordeko dira bertan? Nolakoak ote bertakoak? Izan ere, izango al da eremu horietan bertakorik? Dragoirik aurkituko dute han sartzen ausartzen diren lehenbizikoek? Itsaso sugerik akaso?
Ba ez. Antza, gaur egungo gure unibertsoan ez da ez ustekaberako ez ametserako, paradarik. Rare earths, terres rares, tierras raras, lur arraro horiek ez dira ezta lurrak ere baizik eta 17 elementu kimiko. Zergatik deitzen diete ba 'lurrak', horixe zela eta Aintzinean 'oxidoa' adierazteko erabiltzen zen izena.
Ez, ez dira lurrak baina benetako jabeak birrinduz konkistaturiko paraje guztiak nola, planeta honetako gutiziatsu orok nahi dute lurrak ez diren 17 elementu kimiko horien gaineko jabetasuna, ahal bada beste inorekin konpartituko ez duten agindua, subiranotasuna.
Zeintzu dira elementu horiek? Escandrio, itrio, lantano, cerio, praseodimio, neodimio, prometio, samario, europio, gadolinio, terbio, disprosio, holmio, erbio, tulio, iterbio eta lutecioa. Zertarako dira hain garrantzitsuak, nahitaezkoak ere? Gaur egungo gure bizimodua sostengatzen, bermatzen duten kontu askorako. Adibiderik nahi? Osagarri aeroespazialak, laserrak, telebistetan ezinbestekoak diren argi fosforeszenteak, etxeko labe- katalizatzaileak, erradioaktibitatea detektatzeko gailuak, kotxe elektrikoek behar dituzten piezak eta abar eta abar, eta abar luze bat sortu eta fabrikatu ahal izateko…
Non daude lurrak ez diren lur arraro horiek? Guztien bi heren, Txinan. Ulertuko duzuenez, horrek sakon kezkatzen eta beldurtzen ditu munduaren jabe izan nahi duten beste inperioak. Txinatarrek duten abantailari aurre egiteko, lurrak ez diren lurrak dituzten beste herrialdeekin hasi ziren aspaldian hartu-eman gazi-gozotan. Batzuetan indarra erabiliz, besteetan lausenguekin.
Etsenplu jarriko dizuet, gainbegirada batez Trumpek eta Putinek aurrera daramatzaten bake negoziazioetan Ukraina galtzaile aterako dela dirudi. Ez izan, baina, horren seguru. Ukrainak dituen lur arraroek 500 mila milioi dolar balio dute eta dirutza hori arma ezin hobea da Zelenskirentzat, brabo nahiko hurbilduko da beraz negoziazio mahaira.
Antzeko kontua Groenlandiarena. Entzun genuen Trumpek bereganatu nahi duela. Kosta ahala kosta. Danimarkari ordainduz eta pagatu gabe. Arrazoia? Alde batetik oso leku estrategikoa baita Artikorako doan bidean nagusi izateko baina bestetik, klima aldaketak eragindako lurmentzeak agerian utzi izan baitu ezkutuko altxor hainbat. Badirudi izotzak munduko lur arraro-hobirik handiena ezkutatzen zuela. Eta horrekin, ez izan dudarik Trumpek, Muskek eta besteek lortuko zuten 'Make America Great Again' helburua…
Ez dira hara hurbildu diren aseezin lehenbizikoak. Australiako eta Txinako inbestitzaileak gogor saiatu ziren lur arraro horiek erauzten, Naturari errespetu izpirik gorde barik. Bertakoen oposizioa hain izan zen gogorra ezen amore eman behar izan zuten…
Latinoamerikan ere badira lur estrainioak. Ez pentsa ba Panama denik Etxe Zuria berriro okupatu dutenen ardura bakarra. Ez ahaztu, inolaz ere ez, aspaldian esnatu zela Dragoi Txinatarra ere. Unibertsoa bere mende nahi duen piztia ahalmentsu horrek Ameriketako hamaika herrialderekin baditu, dagoeneko, negozio pisu handikoak…
Rare earths, Terres rares, Tierrras raras, Lur arraroak…. Ez bide da fantasiarako modurik. Ez dira lurrak baina denek nahi dute konkistatu.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Pillado en la A-1 drogado, con un arma y con más de 39.000 euros
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.