Burujabetzaz, alternatibaz, iraultzaz

Rukul taldeak kontzertua emango du/
Rukul taldeak kontzertua emango du

Datorren irailaren 21an, ostiralean, hasi eta igandera arte Iraultza Txikien Akanpada antolatu dute Zubietako udalerrian. Askotariko jarduerak prestatu dituzte

Irailaren 21 eta 23 bitartean, asteburu osoko egitaraua prestatu du Zubietan Lurralde Askea kolektiboak. Euskal Herri osoko herritar eta herri mugimenduei bertaratzeko deia luzatu diete, «asteburu zoragarri bat pasatzeko». Bertan, «konplizitateak eraiki, elkarrekin hausnartu eta konspiratu, egin dezakeguna irudikatu eta alternatibak praktikan jarriko ditugu. Hala ere, batez ere, adin guztietako herritarrok gozatu egin nahi dugu elkarren konpainian», adierazi dute prentsa ohar bidez.

Eremu antipatriarkala izango da, antikapitalista, komunitarioa, autoeratua eta autokritikoa, borrokalaria eta alaia. Interesa dutenentzat, «denoi eragiten diguten eta patxadaz lantzeko aukera gutxi izaten dugun gaiez hausnartzeko zortzi saio antolatu ditugu, luxuzko hizlari eta eragileekin»: ostiral arratsaldean 'Lurrikaren erdian gu berri bat?' mahai ingurua; larunbat goizean herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremanen ezin eta eginak batetik, eta eraso matxistak gure espazioetan (hemen bi azpi saio ez mixto egingo dira: emakumeentzako eta gizonentzako).

Larunbat arratsaldean, 'Behetik eraldatzen, mugimendu txuri klase ertainekoetatik?' mahai ingurua eta Joxemi Zumalaberen 'Herri mugimenduen borroka moldeak' tailerra prestatu dituzte. Eta igande goizean beste bi saio egingo dituzte: 'Procés Catalá, euskal herrigintzarako ikasgaiak' eta 'Jendarte likidoa, militantzia likidoak?'.

Alternatibak ezagutzen eta saretzen

Euskal Herri osoko lagunen esperientziak ezagutzeko aukera ere izango da aukera: etxebizitza alorra, elikadura, lana, energia, finantza etikoak, elkarbizitza... Bizitza burujabetzaz ariko dira, alternatibak ezagutzen eta saretzen, eta larunbat arratsaldean mahai-ingurua egingo dute proiektu horien inguruan.

Larunbat arratsaldean behetik gorako autoantolakuntza «konspirazio handi bat» ere egingo dute. «Antolatuko al dugu zerbait elkarrekin datorren udaberriari begira? Hiru izango dira galderak: Zer? Nola? Eta Noiz? Erantzunik ez dago aurretik pentsatuta. Ea zer ateratzen den! ».

Kontzertu eta emanaldiek osatuko dute asteburuko egitaraua: Ostiral gauean 'Erradikalak gara!' antzezlana izango da ikusgai, larunbat bazkalostean Nerea Arriola aktorearen 'Buruhausteak' monologoa, arratsaldean Thoreauren inguruan «musika, poesia eta misterioa», eta larunbat gauean bi kontzertu izango dira: Pobresiak eta Rukula taldeenak.

Azkenik, antolatzaileek nabarmendu dute adin guztietako jendearentzat pentsatu dutela asteburua. Haurrentzat uneoro jolas libreak izango dira, eskulanak, antzerkia edota mozorroak erabiltzeko aukera. Kanpaldia Zubieta herrian bertan izango da eta belardiak antolatuko dituzte lo egiteko kanpingak jartzeko. Furgonetetan doazenentzat aparkaleku berezi bat prestatuko dute. Dutxak eta abar ere izango dira.

Lurralde Askea kolektiboak sinatzen du, Ongi Bizitzearen euskal errepublika ipar duten lagunen kolektibo txikia. Konpromisoetan oinarritutako desobedientzia zibila eta ohiturei desobedientzia planteatzen dugu bide bezala. Hala ere, argi utzi behar dugu kolektibo txikia dela, kanpaldiak eskatzen duen lana aurrera ateratzeko txikiegia nabarmen. Hain zuzen ere, Lurralde Askeak sinatzen du baina herrigintzako beste esparru askotan lanean ari diren lagun askorekin batera elkarlanean ari gara prestatzen kanpaldia.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos