Bruselan aurkeztu du Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimena

Aurkezpenaren ondorengo solasaldiaren une bat. /GFA
Aurkezpenaren ondorengo solasaldiaren une bat. / GFA

Europako Erregioen eta Hirien Astean egin da lan topaketa, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzan

Europako Erregioen eta Hirien Astea dela eta, Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimena aurkeztu du Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzan egin den lan topaketa batean. Foru Aldundiak ohar baten bidez adierazi duenez, «Gipuzkoako gobernantza ireki eta kolaboratiboko dinamika izan da hitzordu horri lotutako agendaren barruan aukeratutako bat. Bertan, erakundeetako hainbat ordezkarik eta adituk praktika onenak elkarbanatzen dituzte, gobernantzari eta europar politiken ezarpenari dagokienez».

Erregioen eta Hirien Europako Astea urtero ospatzen da Bruselan lau egunez, eta bertan parte hartzen dute erregioetako eta toki administrazioetako gobernuetako ordezkariek eta teknikariek, nazioarteko sareek, eta mundu akademikoko aditu eta eragileek. Astearen helburua da erregio eta hiri garapenean espezializatutako jardunbide egokiak eta ezagutzak mahai gainean jartzea, bereziki gai hauekin lotutakoak: hazkunde ekonomikoa eta enplegua, gizarte kohesioa eta desberdintasunen murrizketa, eta estatuz azpiko entitateek Europako gobernantzan duten zeregina.

Aurtengo Europako Erregioen eta Hirien Astean 6.000 pertsona inguruk parte hartu dute, eta 600 hizlari aritu dira, 70 herrialdetatik etorritakoak, bai Europakoak bertakoak eta bai kanpokoak, eta 100 lan saio inguru egin dituzte. Antolatzaile izan dira Erregioen Europako Komitea eta Europako Batzordeko Erregio eta Hiri Politikako Zuzendaritza Nagusia.

Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak eman du Etorkizuna Eraikizen garapenaren eta think tank-aren berri, eta Europako erakunde eta sareek egindako ekarpenak eta iradokizunak jaso ditu. Horrela, «dagoeneko zabaldutako elkarlanean sakondu du, Gipuzkoaren apustu estrategikoetarako eta erreferentziazko zentroetarako ezagutza, talentua eta babes ekonomikoa erakartze aldera».

Jardunaldian izan dira Laura Hagemann-Arellano, Europako Batzordeko DG Regioko kidea, Michaela Onofra, ALDA Europekoa, Peter De Franceschi, ICLEI Europeko zuzendaria -jasangarritasunarekin konprometitutako 1.500 erakunde baino gehiago hartzen dituena-, eta Carlos Mascarell, Europako Udalerrien eta Erregioen Kontseiluko aditua. Bertan izan dira, halaber, Marta Marin eta Iker Goiria, Euskadik Europar Batasunean duen Ordezkaritzako kidea, eta Kanpo Harremanetako foru zuzendaria, hurrenez hurren.

Diputatuak adierazi du legealdi hasieratik nazioarteko sareetan etengabe egindako lanari esker, Gipuzkoa «abangoardian» dagoela, «herritarren arazoei eta etorkizuneko erronkei modu partekatuan erantzungo dien gobernu era berriak lehenbailehen sortzeari buruz» Europan eta mundu zabalean piztu den eztabaidan. Lasak azaldu du Europar Batasuneko kideak «kezkatuta» daudela etorkizunak eta globalizazioak dakartzan erronkak direla eta, besteak beste, gizartearen zahartzea, migratzaileen integrazioa, kalitatezko enpleguen sorrera, desberdintasunak murriztea, klima aldaketa edo teknologia berrien eragina; faktore horiek guztiek «gobernantza eredu berriak eskatzen dituzte», non hiriek, erregioek eta horien arteko lankidetza sareek «erabaki gaitasun handiagoa izango duten». «Erronka horiek herritarren eguneroko bizimoduan dute eragina toki eta erregio mailan, eta, hortik abiatuta hauteman eta landu daitezke modurik onenean» adierazi du.

Guztira 300 erregio eta 100.000 hiri daude, eta horiek guztiek «zeregin garrantzitsua» dute Europar Batasunaren politika gehienetan. Batasunak berak emandako datuen arabera, nazioz azpiko entitate publikoek gastu publikoaren herena kontrolatzen dute (urteko 2,1 bilioi euro), eta inbertsio publikoaren bi heren (200.000 milio euro inguru).«Herritarren laguntzaz, haiengandik hurbilen dauden entitateak garenez gero, Europarentzat etorkizun partekatua eraikitzeko oinarri-oinarrizko elementua gara, betiere, giza eskubideak, oparotasuna, eta gizarte justizia ardatz hartuta, eta esperimentazioan eta elkarteekin, unibertsitateekin eta herritarrekin lankidetzan oinarritutako irtenbideak abian jarrita», adierazi du.

Diputatuak azaldu duenez, «akats oso larria» izango litzateke hiriak, erregioak eta estaturik gabeko nazioak «bigarren mailan uztea», eta Europa «estatu eta erakunde handietara» mugatzea, eta horregatik, hain zuzen ere, eskatu du «hartzeko gehiago kontuan Europar Batasuneko herriak eta herritarrak» eta protagonismo gehiago emateko «pertsonei eta gizarte zibiliari», funtsezkoak baitira herritarrek Europako eraikuntza proiektuarekiko konfiantza berreskuratzeko eta Brexit osteko erronkei eta egoerei modu partekatuan aurre egiteko».«Etorkizuna Europan dago eta Gipuzkoak ondo baino hobeto daki hori. Europar Batasuna elkarbizitzako eta elkarlanerako proiektu bat da» aldarrikatu du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos