'Botox', 'asperger', 'kuku bat egin'... 774 forma berri jaso ditu Euskaltzaindiak
Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko zuzendariak azaldu du «fintze-lana» izan dela seihilekoaren ardatz nagusia
J. A.
Martes, 17 de junio 2025, 15:16
Saltsa bizkaitar, txotx(-)garai, amigdalitis, meme, kuku bat egin, kolpe zorririk ez jo, Ostiral Beltz, mahaipetik txistu, botox, karbono-14, mutageno… Ez dira gutxi Euskaltzaindiak sei hilabetetik behin egiten duen eguneratzean jasotako forma berriak. Zehazki, 774 izan dira: 265 sarrera, 364 azpisarrera eta 145 ohiko lexia. Era berean, 1.635 forma zuzendu edo osatu ditu, hiru sarrera eta beste hiru azpisarrera hiztegitik kendu eta 10 sarreraren buruak aldatu egin ditu (Exonomastika batzordeak aspaldi araututako hizkuntza-izenak dira horietatik 9). Eguneratze horrekin, 52.091 forma jasotzen ditu orain hiztegiak (39.809 sarrera, 11.214 azpisarrera, 1.068 ohiko lexia), 70.291 adiera, 116.226 adibide eta 519 esaera zahar.
Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko zuzendariak azaldu du «fintze-lana» izan dela seihilekoaren ardatz nagusia: «Aditz-erregimena berrikusi dugu, azpisarreretako definizioak, sarreretako gramatika- eta adiera-oharrak, adibiderik gabeko adierak, taxonak eta abar berrikusten jarraitu dugu». Nagusiki, sukaldaritzaren atala osatu da, ardogintza eta hazkurri-kontuak gehituz. Horrez gain, corpusetatik, hiztegiko adibidetegiko hitz-konbinazioetatik, beste batzordeetatik edo erabiltzaileen eskaeretatik jasotako formak ere sartu dira hiztegian. Besteak beste, amigdalitis, asperger, autolisi, ehem / ejem, meme, somnanbulu, airean ibili, airean erabili, altzairu herdoilgaitz, ariketa fisiko, aztarna ekologiko, bazterketa sozial, errealitate birtual, Gau Beltz, ito(-)pasada, kuku bat egin, kolpe zorririk ez jo, Ostiral Beltz, kaleko arropa, laneko arropa, lanaldi oso, lanaldi partzial, mahaipetik txistu…
«Ohi bezala, forma asko ukitu ditugu, baina lehendik genuena berrantolatu, osatu, zuzendu, azken batean hobekuntza-lanetan jarri dugu indarrik handiena, hiztegia etengabe berrikusi behar baita», gaineratu du. Forma berriei dagokienez, dagoeneko oinarri sendo samarra dagoela nabarmendu du Urkiak, «gero eta espezializatuagoak baitira corpusek bueltatzen dizkiguten hitz ezezagunak». «Horregatik, lehendik ditugunen adierak osatzeak ere zenbakitan ez, baina edukia fintzen laguntzen du», esan du.
Testuliburuen azpicorpusa lantzen dihardu orain lantaldeak, DBH eta batxilergoko lexikoa hiztegian islatzen den ikusteko. Biologiako atala ageri da eguneratze honetan (hurrengoan landuko dira beste arloak): aldaketa genetiko, animalien zelula, arbaso komun, guruin endokrino, botox, eboluzioaren teoria, exokrino, karbono-14, mutageno…
Azkenik, lehendik utzitako formak ere gehitu dira, erabilerak egiten zuen bidea ikusteko utziak zeudenak. Urkiak azpimarratu du lantaldeak etengabe jarraitzen duela hiztegia handitzen, baina, batez ere, «berrikusten, osatzen eta hobetzen».
Zentzu honetan, Urkiak esan du Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten duela hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik egiten du horrela, eta 2025eko lehen seihilekoan eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu orain sareratu den eguneratzeak.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.