Boluntarioak lortzeko kanpaina hasi du Bizipoza Elkarteak

Imanol Agirretxe Real Sociedadeko jokalari ohia, sormen-tailerrean./
Imanol Agirretxe Real Sociedadeko jokalari ohia, sormen-tailerrean.

Gabon-postalak sortzeko tailer bat egin dute Durangon, aurpegi ezagun askoren laguntzarekin

Sortzaileek eta kultur ekoizleek ez ezik, era askotako elkarte eta eragileek baliatzen dute Durangoko Azoka beraien mezua zabaltzeko eta herritarrengana iristeko. Bere standa du, esate baterako, Bizipoza elkarteak, eta 53. edizio hau aprobetxatu nahi izan du boluntario gehiago lortzeko. Horretarako, ostiralean gabon-postalak sortzeko tailerra egin zuten Durangoko Ibaizabal ikastolan, eta Saguganbaran xede horrekin abiarazi duten kanpaina aurkeztu zuten.

Bizipoza Elkarteko kideek izaera bereziko haur eta familiekin egiten dute lan. 33 elkarte batu dira Bizipoza Elkartean, helburu batekin: «euskaraz eta sorkuntzatik, izaera bereziko haur eta familiekin elkartasuna bizipozez lantzea».

Lan hori egin ahal izateko, gogoratu dutenez, «boluntario-sarea antolatzen dihardugu, dela lan boluntarioa eginez dela ekarpen ekonomikoa eskainiz. Erakunde, talde zein norbanakoek elkartasunaren eta gizartegintzaren aldeko Bizipoza Elkartearen sarean parte hartu dezaten dei egin nahi dugu».

Boluntario-sare hori handitzeko kanpaina 2018ko Gabon jaiei begira abiatu dute. Goiburu nagusi bat du kanpainak: 'Keinu bakoitza, opari bikoitza'. Horretarako, gabon-postal bereziak sortu zituzten Ibaizabal ikastolan egindako sormen-tailerrean, Bizipoza Elkartea osatzen duten elkarteetako 40 haurrek egindako marrazkiekin sortu ere.

Izan ere, haurrek egindako lanetan oinarrituta, posta bidez bidaltzeko paperezko 1.000 postal egin dituzte, baita posta elektroniko bidez bidaltzeko postal digitalak ere.

Durangoko Azokan bertan Bizipoza Elkarteak duen standean boluntario izatera deitu dituzte kulturzaleak, «eta nork bere ingurukoei gabon-postalak bidlatzera ere gonbidatuko ditugu, haiei ere boluntario izateko deia egiteko».

Datozen asteetan, berriz, interneteko kanpaina egingo dute, sare sozialetan mezua zabaltzeko, eta posta arruntez zein elektronikoz euskal herritarrei Bizipoza Elkarteko boluntario izateko deia egiteko.

Durangoko ekitaldian aurpegi ezagun asko izan zituzten lagun. Imanol Agirretxe, Ainara Azpiazu, Ramon Agirre, Miren Gojenola, Abel Barriola, Leire Bilbao, Arritxu Iribar, Asisko Urmenetak, Porrotx, Txapas, Tiritatxo, Martinbertso eta Anabel Arraizak hartu dute parte boluntarioak lortzeko kanpainan, izaera bereziko haur eta familiekin batera.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos