Beste hiru lurrunezko tren asteburu honetan

Beste hiru lurrunezko tren asteburu honetan
Jose Mari Lopez

Burdinbidearen Euskal Museoak zirkulazioak eskainiko ditu Azpeitiko instalazioetatik Lasaora

DVDonostia

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskotren sozietate publikoaren Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko trenen hiru zirkulazio eskainiko ditu asteburu honetan. Larunbatean, irailaren 21ean, trenak 12:30ean eta 18:00etan irtengo dira museoaren Azpeitiko instalazioetatik Lasaora bidean, eta igandean, hilaren 22an, 12:30ean.

Euskotrenek jakinarazi duenez, Burdinbidearen Euskal Museoa 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era dago zabalik asteartetik ostiralera lanegunetan, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era larunbatetan, eta 10:30etik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).

Museoak Europako tren bildumarik hoberenetariko bat dauka, mota askotako ibilgailuekin: tren makinak (lurrun, diesel eta elektrikoak), automotoreak eta bagoi mota desberdinak. Era berean, Euskadiko makina tresna multzorik osatuena eskaintzen du, Urolako Trenbidearen antzinako lantegi mekanikoaren bidez. Horrez gain, XIX. mende bukaeratik trenbidean erabilitako uniformeen erakusketa bat eta munduko trenbide erlojuen bildumarik hoberenetarikoa ikusgai daude.

Halaber, «Mugikortasun elektrikoak 130 urte Euskadin» erakusketa dauka ikusgai. Euskadin jarri zen abian estatuko lehen tranbia elektrikoa, 1896an, Bilbo eta Santurtzi artean, bai eta lehen tren elektrikoa ere, Ulia mendikoa, 1902an. «130 urteko ibilbidearen ondoren, interesgarria da atzera begiratzea eta Euskadiko mugikortasun elektrikoaren historia aberatsa aztertzea», adierazi dute.

Horretarako, museoko kotxe tokietan banatutako 16 informazio taula jarri dira ikusgai erakusketan, eta mugikortasun elektrikoaren protagonista izan diren zenbait ibilgailu ere ikusi ahal dira. Gainera, trakzio azpizentralaren ondoko eraikinean, Urolako trenak 1925etik erabiltzen zituen trakzio energia eraldatzeko eta artezteko sistema konplexuak ikusteko aukera izango dute bisitariek.

Temas

Euskera