Beste hiru kide izan ditzake UEMAk larunbatean: Asteasu, Hernani eta Astigarraga
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urte amaierako biltzar nagusia egingo du Deban
Asteazkena, 14 abendua 2022, 14:27
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urte amaierako biltzar nagusia egingo du larunbatean, abenduaren 17an, Deban, eta batzarkideek aztergai izango dituzte mankomunitatera sartzeko udalek egindako eskaera berriak ere.Asteasuko eta Hernaniko udalek joan den azaroan erabaki zuten UEMAko kide izatea, eta Astigarragako Udalak, berriz, ostegunean egitekoa duen udal osoko bilkuran aztertuko du gaia; baiezkoa erabakiz gero, Asteasuren eta Hernaniren eskaerekin batera helduko da Astigarragarena ere UEMAren biltzar nagusira, eta batzarkideek eskaerak onartuz gero 97 udal izango lirateke erakundeko kide larunbatetik aurrera. Denen artean 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.
UEMAtik nabarmendu dutenez, azken urteotan hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez, eta horrek isla du UEMAko kide diren udalen kopuruan ere: agintaldiaren hasieran 86 udal ziren kide, eta hiru gehiago izan daitezke larunbatetik aurrera.
Bada, UEMAko kide diren udaletako ordezkariek biltzar nagusia egingo dute larunbatean Debako Luzaro ikastetxean, 10:00etatik aurrera. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 2022ean bideratutako egitasmoen balantzea egiteaz gain, 2023rako ildo nagusiak eta ekimenak ere aztergai izango dituzte, beti ere UEMAren ohiko ildoen baitan: udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena.
Horiez gain, udal berriek UEMAko kide izateko egindako eskaerak ere izango dituzte aztergai batzarkideek. Azken unean, gainera, udalerri bat gehiago ere izan daiteke horien artean; izan ere, Asteasuk eta Hernanik azaroan onartu zuten UEMAko kide izateko eskaera egitea, eta Astigarragako Udalak ostegunean egitekoa duen udal osoko bilkuran har dezake erabakia.
Astigarragako Udalak ostegun honetako osoko bilkuraren aztergaien artean du puntu hori. Onartuz gero, larunbatetik aurrera Astigarraga ere UEMAko kide izango litzateke. EH Bilduk (7), EAJk (5) eta PSE-EEk (1) osatzen dute Astigarragako udalbatza eta, beraz, erabakiak aurrera egiteko aukera handiak dituela adierazi dute UEMAtik.