Azoka jendetsua Eguberrien atarian

Herri eskolako ikasleek lore lehorrak eta ukenduak aurkeztu zituzten. /
Herri eskolako ikasleek lore lehorrak eta ukenduak aurkeztu zituzten.

Udal pilotalekua postuz bete zen eta jende andana ibili zen goiz guztian batetik bestera

YARZA ALTZO

Urte amaierarako bizpahiru aste falta dira eta atzo Altzon nabaria zen ospakizun garaia. Udal pilotalekua postuz bete zen baina bisitariak ere ez ziren falta izan, eta jende andana ibili zen goiz guztian batetik bestera.

Hogeita hamar artisautik gora elkartu ziren Olentzerotan Jakinminez Kultur egitarauari hasiera eman zion azokan. Jakiak zein eskulanak, guztiek izan zuten nork ikusi eta erosi. Ogi-onaren gozoak, esnekiak, gaztak, ekoizpen ekologikoko ardoa, ahatekiak, txerrikiak, Errezilgo sagarrak eta kiwiak erosi ahal izan ziren. Intxaurrak, eztia edota barazkiak ere ikusi ahal izan ziren posturik postu.

Gainera, eskolako haurrek baratzean landatutako barazkiak eta sendabelarrekin egindako ukenduak eskaini zituzten eta Garaialde taloek ere lan ugari izan zuten goiz guztian taloak zerbitzatuz. Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek tea eta pastak eskaini zituzten, baita herrialdearen inguruko informazioa ere.

Jakiez gain, azokan mota guztietako eskulanak ere izan ziren, osagarriak, jantziak zein arte-lanak, Gabonetarako ideiak zein opariak biltzen lagundu zutenak. Eskuz margotutako mandalak, eskulturak, margoak, egur tailak, egur-lanak, serigrafia lanak, ehunezko osagarriak, ilerako zapiak eta collageak, xaboiak, poltsak, koaderno, txapela eta jertseak, makilak, amigurumiak eta osagarriak. Haurrentzako txokoa ere izan zen Minimaliak jokoekin. Guztiek ere nahi adina lan izan zuten goiz guztian bisitariei arreta eskaintzen eta azalpenak ematen.

Altzoko herria eta bere historia hobeto ezagutu nahi izan zutenek ere aukera izan zuten. Herritarrek sarreran bertan Altzoko Handiari, Imaz bertsolariari zein herriko historiari buruz argitaratutako liburuxkak banatu eta argitalpenak saldu zituzten bisitarien artean.