Atlantikoko korronteen indarra

Atlantikaldia kultur topagune eta musika jaialdia, irailaren 20tik 23ra egingo dute Errenterian. Bebe, Nneka, Esne Beltza eta 47 Soul taldeak izango dira kartelburu

DVDonostia

Atlantikaldia, Errenteriako Udalak antolatzen duen Kultur Topagune eta Musika Jaialdia, irailaren 20tik 23ra egingo dute gipuzkoar udalerrian. Bosgarren edizio honek, kulturen eta ohituren arteko harremanak sendotu eta eredu berriak sortzeko helburua du, 'Itsas Korronteak' lelopean.

«Itsas korronteek izaera ezberdinak dituzte, aldakorrak dira, norabide asko dituzte, eraldaketan eta eraldatzen dihardute, elkartu eta banatu egiten dira, gurutzatu egiten dira, mugarik ez dute ezagutzen, mugimendua eta joerak irudikatzen dituzte… baina denak itsaso beraren zati dira eta Atlantikaldiak ere, itsaso horretan eragin nahi du», azaldu zuten antolatzaileek aurkezpenean.

Ohikoa denez, jaialdia bi zutabetan oinarrituko da: kultur topagunea eta musika jaialdia. Ia 100 kultur ekintza prestatu dituzte, eta Atseden irlan, Tekno Kaian, Ibaian eta Itsasargi Nagusian gozatu ahal izango dute jaialdiaz bertaratzen direnek, besteak beste.

Agertoki nagusia Lehendakari Agirre plazan kokatuko den Itsasargi Nagusian egongo da. Oholtza gainean izango dira, Nneka, Bebe, Esne Beltza edo 47Soul bezalako talde handiak.

Elkarlanean jarriko dira kolaborazio eta egonaldien bidez, jaialdiaren izpirituari jarraiki, hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdineko artistak, nazioartekoak eta Euskal Herrikoak.

.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos