Borrar
Arraun Lagunak Klubeko neskak, eszenatokian omenduak

Arraun Lagunak Klubeko neskak, eszenatokian omenduak

Yuhei Sakuragiren filma hasi baino lehen eszenatokian Lorea Etxabe Etxeberria arraunlaria agertu zen, Iraia Oiartzabalek diseinaturiko estilo handiko klubaren elastikoaz jantzita

Begoña del Teso

Donostia

Domingo, 3 de noviembre 2024, 12:26

Aurreko artikulu batean ohorezko aipua egin genion Telmo Iragorriren 'Traineras' film sekulakoari. Gaurko honetan abisua pasa behar, dagoeneko bada ikusgai Movistar plataforman. Ez galdu.

Artikulu berean komentatzen genuen Fantasiako eta Beldurrezko Zinemaren Astearen azken-aurreko emaldietako batean Japoniako anime majo bat, 'Give it all' izenburukoa ikusteko parada izango genuela. Bertan aulki mugikorrean arraun egin nahi duten hainbat neskaren bizipenak (baita bizipozak ere) kontatzen ziren, beren esfortzua pantailan jarriz.

Pasa ostiralean, Astearen itxiera festa baino ordu pare bat aurretik, piztu ziren Victoria Eugeniako argiak Yuhei Sakuragiren filma denok goza genezan. Alta, pelikula ez zen orduantxe hasi pixka bat beranduago baizik sorpresa izugarria izan baitzen gordeta agertokiaren bestaldean. Asteak nahi zuen omendu Kantauriko bandera guztiak gehi Gipuzkoakoa gehi Euskadikoa, gehi Espainiako gehi, nola ez, Kontxakoa! eskuratu dituen Martuteneko/Trintxerpeko Arraun Lagunak klub markaz fuerakoaren nesken eskifaia. Omendu nahi, bai. Nahi eta egin. Pelikula hasi baino lehen eszenatokian Lorea Etxabe Etxeberria arraunlaria agertu zen, Iraia Oiartzabalek diseinaturiko estilo handiko klubaren elastikoaz jantzita Hantxe, pantaila atzean zuela, eman zituen minutu batzuk jendearen txaloak jasoz eta kontu kontari. Kontatu zuen, esate baterako, bere postua 'bost babor'-ekoa dela eta bertan jarduteko indartsua izateaz gain, hobe burugogor samar bazara. Komentatu zuen, zerbait gaizki ateratzen bada entrenamenduetan edo estropadetan aurreko eta atzeko postuetan aritzen direnek joera bitxia dutela, erdikoekin haserretzearena, alegia; errua sekula ez omen da haiena baizik eta erdialdean arraun egiten dutenena baizik. Axola gutxi, ohituta daude haien burla, protesta eta kexetara eta ederki dakite lehiakide guztiak gainditzen dituztenean, denena dela garaipena.

Kuriosoa ere, hausnarketarako beta ematen duena Lorearen esandako beste puntu bat; bere hitzetan, arraunean zaudela disfrutatu behar duzu, akabo bestela. Ez pentsa, ordea, berak aitortua, galtzen baduzu ere, litekeena da proba gozatu izana. Aldiz, gerta liteke irabazi izatea eta disfrutatu ez izana…

Banku finkokoa da, kontu jakina da hori, gure estropadetako diziplina. Behin bakarrik egin zuen banku mobilean Loreak. Orion izan zen eta hiru txalupak. Hain ezberdina teknika, hain ezohikoa haientzat, zer hirugarren postuan geratu baitziren Lorea eta konpainia (Hara! gauza bera suertatzen da 'Give It All' filman). Hala eta guztiz ere, nahiz eta azkenak suertatu, harrotasun handiz gordetzen du Loreak han lortutako domina.

Nahiz eta azkenak suertatu, harrotasun handiz gordetzen du Loreak han lortutako domina

Victoria Eugeniako agertokian hezur haragizko arraunlari gureak kontatu zuen askok pelikulan zuen isla sinesgaitza. Edo alderantziz. Etsenplu, Lorearen hastapenak arraunean filmeko nesken antzekoak izan ziren. Izan ere, 'Shin Chan', 'Doraemon' eta 'Dragoi Bola' gustuko eta maite dituen Pasai Donibaneko kirolaria judon aritzen zen eta lagun arraunlari franko zituen. Herrian nesken trainera bat osatzea erabaki zenean, inor gutxi apuntatu zen. Txalupa hor zegoen, jenderik ez, alabaina. Pena zen hain trainera polita hutsik ikustea. Beraz, Loreak baiezkoa eman zuen… horrela ekin zion itsasoarekiko bere kirol istorioari. Horrela, kasik 20 bandera eskuratu arte.

Omendu zituen Asteak Arraun Lagunak eta, beste guztien gainetik den klub honen bitartez, arraunean diharduten Donostiarra, Orioko, Errenteriako, Tolosako, Getariako, Zumaiako, Bizkaiko eta Galiziako nesken multzo brabo eta bikaina. Horrelaxe bukatu ziren Fantasiazko eta Beldurrezko egun horiek Victoria Eugenian, anime bat pantailan eta arraunlari garaile bat agertokian. Ez zen, ez, Songokuk eta konpainiak abesturiko Animedon izeneko jardunaldi oparo horientzako amaiera nolanahikoa. Arraun!

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Arraun Lagunak Klubeko neskak, eszenatokian omenduak