Anoetarrak, Korputs jaietarako prest

Azoka berezia. Maroko, Armenia eta Saharatik iritsitako anoetarrek euren produktuetako asko eskaini zituzten. / NÚÑEZ
Azoka berezia. Maroko, Armenia eta Saharatik iritsitako anoetarrek euren produktuetako asko eskaini zituzten. / NÚÑEZ

Ekitaldiz bete zuten festen aurreko asteburua, dantza, musika eta azokarekin, besteak beste | Sahara, Armenia, Maroko, Senegal eta Brasilgo herritarrek beren herrialdeetako jakiak erakutsi eta saldu zituzten

NÚÑEZANOETA.

Ohitura den bezala hainbat ekitaldirekin ospatu zuten Anoetan Korputs jaien aurreko asteburua. Atzo goiz guztian jatorri ezberdinetako anoetarren jaki-azokak bete zuen plaza.

Saharako, Armeniako, Marokoko, Senegalgo edota Brasilgo herritarrek beren herrialdeetako jakiak erakutsi eta saldu zituzten. Anoetako Herri Ikastolako ikasleek ere patata-tortilla pintxoak saldu zituzten ikas-bidaiarako dirua lortzeko.

Bero sargoria bazen ere, bisitari ugari gerturatu ziren postuetan eskaintzen zena ikustera, eguneroko plateretatik gozoetara, baita edariak ere. Tartak eta gozoek arrakasta izan zuten bisitariengan baina enpanadak, hojaldreak eta ogi mota ezberdinak, hala nola marokoarra edo gazta-ogi brasildarra, ere erosi ahal izan ziren. Azokara gerturatu ziren herritarrek gustura paseatu zuten postuz postu, jatorri ezberdinetako gastronomiaren inguruan galdetuz eta pintxoak etxera eramanez.

Gainera, Kawadeni taldeak dantza eta musika afrikarren ikuskizuna eskaini zuen plazan. Djembe-a, perkusioa eta dum dum-en doinuekin, dantzariek haurrak eta helduak dantzara animatu zituzten. Senegaldar jatorriko herritarrak ere gehitu ziren dantzara, beren herriko dantzak erakutsiz. Era berean, eskuan hennarekin marrazkiak egiteko aukera egon zen, haur ugarik gozatu zutena.