Andoni Sagarna (Euskaltzaina): «Euskararen ikerketarako ezinbestekoak dira baliabide digitalak»

Andoni Sagarnak euskara eta baliabide digitalei buruz mintzatu da egun hauetan Tabakaleran./LUSA
Andoni Sagarnak euskara eta baliabide digitalei buruz mintzatu da egun hauetan Tabakaleran. / LUSA

Internetek hizkuntzaren estandarizazioan, hau da, euskara batuan, eragin positiboa izan duela dio Sagarnak, batez ere «normaren difusioan»

Macarena Tejada
MACARENA TEJADADONOSTIA.

Euskaltzaindiaren mendeurreneko ospakizunak amai-tzear daude. Urriaren 5ean bukatuko dira Gipuzkoako Foru Aldundian egingo den ekitaldi ofizialarekin batera. Bitartean, Andoni Sagarna euskaltzainak Donostian egindako azkeneko jardunaldian ingurune digitalak hizkuntzan duen eraginaz hitz egin zuen. Bere ustean, «hizkuntzaren ikerketarako ezinbestekoak dira baliabide digitalak». Internetek, dio, «euskararen estandarizazioaren ikerketan eta normaren difusioan ondorio positiboak izan ditu» urte hauetan zehar.

- Nola aldatu da euskara wasap-a eta sare sozialak erabiltzen hasi zirenetik?

- Wasap-eko hizkera hizkuntza erabiltzeko modu bat besterik ez da. Modu asko daude. Wasap eta sare sozialetako mundua oso pasakorra da. Ez dakigu hemendik bost urtera existitu ere egingo diren. Guretzat ez da oso erreferentzia inportantea araua definitzerakoan. Beste gauza bat da jendeak zer erabiltzen duen jakitea. Wasap-a, gainera, pribatua da. Ezin ditugu testu horiek jaso. Denbora ere oso kritikoa da hemen. Jendeak gaizki tekleatzen du eta letrak jaten ditu presarengatik. Oso erabilera berezia da hori. Dena den, seguru aldatu egin dela euskara wasaparekin.

«Geroz eta web orrialde gehiago daude euskaraz. Kontua da horiek erabiltzen diren ala ez»

- Hala ere, ingurune digitalak, modu orokorrean, eragin handia du hizkuntzan.

- Bai. Alderdi batetik baino gehiagotatik begiratu liteke hori. Hizkun-tzaren ikerketarako ezinbestekoak dira baliabide digitalak. Gaur egun, badaude gure corpusetan miloika testu hitz. Horiek ezingo lirateke jaso baliabide digitalak erabili gabe. 1979tik 1980a arte, Koldo Mitxelena testuak biltzen ibili zen. Zeukan tresna bakarra zapata kaja bat zen, eta kartulinazko fitxa batzuk. Ez zeukan baliabide digitalik. Geroxeago, baliabide digitalak ez ziren bat ere errazak erabiltzeko hizkuntzaren munduan. Oso sistema garestiak ziren eta teknikoki erabiltzeko zailak. Koldo Mitxelenak ezin izan zuen pentsatutako lana egin. Hizkuntzalarientzat digitalizazioak garrantzi handia du.

- Nola lagundu du internetek euskararen difusioan?

- Akademia batentzat internetek garrantzi handia du bere lana ezagutarazteko garaian. Beste alde batetik, hizkuntza ezinbestekoa gertatzen ari da adimen artifizialeko aplikazio askotarako. Esate baterako, Alexa moduko sistemak erabiltzailearekin elkarrizketatzen dira. Hizkuntzaren estandarizazioa oso garrantzitsua da. Bermeoko batek bere euskalkian hitz egiten badio sistemari, seguru asko zoratu egingo du.

- Ingurune digitalak euskararen estandarizazioa finkatzen lagundu duela esango al zenuke?

- Euskara aldatzen ari da, hizkun-tza guztiak bezala. Euskalkiak erabiltzetik euskara batua erabiltzera urratsak egin dira. 50 urte darama-tzagu kontu horrekin eta miraria da horren denbora laburrean lortu den estandarizazio maila. Estandarizazioan interneteko edukiek eragina dutela esan dezakegu. Estandarra islatzen den neurrian, jendeak ikasiko du estandarra erabiltzen.

- Eta nola estandarizatzen da hizkuntza bat?

- Gaur egun dauden medioak euskara batuan egiten dira. Hor, arrakasta izan da. Euskara batua hitz egiteko modu formal bat da, baina kasuan kasuan tokatzen den moduan hitz egiten jakin behar da. Normalena da euskara batua testuetan, komunikabideetan, arte gauzetan eta abar erabiltzea. Hor arrakasta izan da. Taberna batean ez gara hasiko testu batean idatziko bagenu bezala hitz egiten. Euskara batua gauza guztietarako erabiltzea txorakeria bat da. Interneten erabilerak hor eraginik izan duen da galdera, baina gaur egun ez da erraza bereiztea zer den internetekoa eta zer ez. Azkenean, dena dago interneten. Wasap-a, posta elektronikoa, webguneak...

- Orduan, internetek euskararen estandarizazioan ondorio positiboak eduki ditu?

- Bai, baina batez ere ikerketan eta normaren difusioan. Jendeak ez luke jakingo euskara batua nola den ez balu modurik jakiteko nola diren arauak. Gazte batek, erredakzio bat txukun egin nahi badu, baliabide digitalak ondo erabili behar ditu. Arauak interneten bilatu.

- Beste aldean, eragin negatiboaz hitz egin al daikete?

- Ez da internet bakarrik. Lehen askoz motelago aldatzen zen hizkuntza. Orain hitz berri ugari ditugu. Erremediorik gabe adi egon behar gara. Gure baliabideen mugen barruan saiatzen gara euskara nola aldatzen ari den jakiten. Horretarako testu ugari lantzen ditugu, baina ezin degu pertsona baten email-era sartu eta bertan ze hitz erabiltzen dituen ikusi.

- Internet ere euskara ikasteko tresna bat da.

- Noski. Hizkuntzan eta irakaskun-tzan gauzak aldatzen ari dira. Jakiteko nola erabili hitzak informazioa behar dugu. Hori interneten aurkitu dezakegu, Euskaltzaidiaren orrialdean. Hizkuntza aztertu eta hortik atera behar ditugu konklusioak.

- Geroz eta web orrialde gehiago daude euskeraz. Wikipediak, adibidez, sarrera gehiago ditu orain euskaraz.

- Bai. Kontua da horiek erabiltzen diren ala ez. Nik, hemengo zeozer jakin nahi badut, euskarazko wikipedia erabiliko dut. Baina lehengoan, adibidez, etxeko lorategian ezagu-tzen ez nuen intsektu bat agertu zen. Bere izena jakiteko ingelesezko wikipediara joan nintzen. Benetan informazio landua eta ugaria ingelesez dago. Orain, zezenketari buruz jakin nahi badut, gaztelaniaz bilatuko dut. Hau da, zentzu kritikoa oso garrantzitsua da. Ze iturrik balio duen zertarako, ze fidagarritasun daukan gauza bakoitzak... Internet oso gauza ederra da, baina kriterioa falta da askotan.

Más