Aldundiak programa pedagokikoa prestatu du gazteak «aniztasunaren aldeko agente aktibo» bilakatzeko

Foru arduradun eta koordinazioaz arduratzen diren elkarteetako kideak/
Foru arduradun eta koordinazioaz arduratzen diren elkarteetako kideak

Aniztasunetik Eraikiz programak aurrez aurreko testigantzak eramango ditu ikasgeletara eta 10 pertsonak, migranteak, LGTBI+ pertsonak, aniztasun funtzionala dutenak eta erlijio musulmanekoak, besteak beste, esperientzia pertsonalak eta diskriminazioarekin lotutako bizipenak partekatuko dituzte gipuzkoar gazteekin

Aniztasunetik Eraikiz programa aurkeztu eta lantzeko lehen topaketa egin dute gaur goizean Etorkizuna Eraikiz gunean irakasleek, foru arduradunek eta koordinazioaz arduratzen diren elkartearen kideek. Aniztasunaren eta giza eskubideen aldeko programa pedagogikoa irailaren 15etik aurrera egongo da martxan lurralde osoko 10 ikastetxetan. Markel Olano diputatu nagusiak gaurko aurkezpenean azaldu duenez, proiektu honekin gazteen inplikazioa bilatuko da «Gipuzkoan giza eskubideen eta aniztasunaren aldeko agente aktibo bihur daitezen».

Nabarmendu du lehen esperientzia honen azken helburua dela «ikasleak zuzeneko partaide izanda, aniztasunaz jabetu, sentitu eta konprometitu daitezela, diskriminazioaren aurkako agente aktibo bilakatuz». Horretarako, programak aurrez aurreko testigantzak eramango ditu ikasgeletara eta 10 pertsonak, migranteak, LGTBI+ pertsonak, aniztasun funtzionala dutenak ala erlijio musulmanekoak, besteak beste, esperientzia pertsonalak eta diskriminazioarekin lotutako bizipenak partekatuko dituzte gazteekin. Diputatu nagusiak Maribel Vaquero, Aldundiaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendariarekin eta Isabel Jimenez, AGIFUGI ijitoen elkarteko kide eta programako partaidearekin batera egin du aurkezpena.

Aniztasunetik Eraikiz Aniztasuneko Bizikidetzarako foru planaren ekintzetako bat da, urte hasieran aurkeztua, eta bat egiten du aurten ospatzen den Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrenarekin. Gazteenengan du jomuga jarria modu berezian. «Aniztasunaren eta giza eskubideen gaia eskoletara eramateak garrantzi handia du gaur egun eta etorkizunera begira», zehaztu du Olanok, zeren «populismoaren oldarraldi nabarmenaren aurrean», «betebeharra» da halako mugimenduei «balio demokratiko eta integratzaileekin erantzutea».

Programa Gipuzkoara

Irun, Donostia, Orio, Urnieta, Elgoibar, Oñati, Azpeitia, Alegia, Anoeta eta Legazpiko zentro banatan egingo da programa DBHko 3. eta 4. mailako ikasleekin (14-15 urte). Beren beregi prestatutako material didaktiko batekin egingo dute lan, ikastetxeetako irakasleek eurek gidatuko dituzten saioetan. Lanketa egin ostean, testigantzen txanda etorriko da. 10 pertsona izango dira, guztiak gipuzkoarrak ala Gipuzkoan bizi direnak, eta eskola ordu bat partekatuko dute ikasleekin.

«Lehen pertsonan emandako testigantza hauen bitartez ikasleek hitz egin eta partekatu ahal izango dute, lehen eskutik ezagutuz diskriminazioak sortzen dituen egoerak eta askotariko aniztasunekin identifikatzen diren pertsonen indarguneak », Vaqueroren hitzetan. Jimenezentzat, «garrantzitsua da ikasleak jabetzea giza eskubideak ez direla hirugarren batek emandako eskubide bat, baizik eta guztion eskubideak direla berdintasunean jaiotzen garenez gero». Jimenez, emakume ijitoa, bere bizipenak ikasgeletara eramango dituen 10 pertsona horietako bat da eta haren ustez, «lan handia dago oraindik egiteko aurreiritziak eta estigmak ezabatua eta elkar aberastuko gaituen elkarbizitza sustatzeko bidean».

Azkenik, esperientzia honek azken fase bat izango du ikasleak sorkuntzara eramango dituena. Ikasgeletako saioen ostean, jasotako ezagutza eta bizipenekin ikus-entzunezko lan bat osatu beharko dute ikasleek programa honen baitan antolatuko den bideo lehiaketara aurkezteko. Sarien banaketa, Giza Eskubideen Aldarrikapenaren 70. urteurrena ospatuko den egunean bertan egingo da Aldundian; abenduaren 10ean, hain zuzen. Honekin batera, ikasleek euren udalerrian bertan ere aniztasunarekin eta giza eskubideekin lotutako ekintza ala interbentzio bat antolatu beharko dute urte amaieran.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos