Aldundiak hizkuntza eskakizunetan egin duen «atzerapausoa» deitoratu du Kontseiluak
J. Agirre
Miércoles, 29 de octubre 2025, 16:36
Lan eskaintza publikoetan euskararen ezagutza eskakizunak atzeratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakia deitoratu du Euskalgintzaren Kontseilua «euskararen normalizazioan atzerapausoa» dela iritzita. «Harriduraz hartu dugu», gehitu du erakundeak, oroitu duen bezala orain arte Aldundiak «oldarraldi judizialaren aurrean eta euskararen normalizazioaren alde, bai langileen bai eta ordezkari politikoen partetik ere, atzerapausorik ezaren printzipioa defendatuz, jarrera irmoa» erakutsi baitu.
Publicidad
Pasa den asteazkenean jakinarazi zuen Aldundiak urte amaiera aurretik eskainiko dituen plaza jakin batzuetan euskara eskakizuna atzeratuko duela, hau da, epea emango dela eskakizuna bete ahal izateko. Horren harira kaleratu du Kontseiluak komunikatua. «Tamalez, ziurtasun juridikoaren izenean egin du atzera», dio testuak. Erabakia, diote, nabarmentzen du «botere judizialaren gaztelaniaren nagusitasunaren aldeko disuasio politika bere fruituak eman dituela».
Ildo beretik, Kontseiluak kezka adierazi du euskararen normalizazioa erakunde publikoetan euskarazko arreta bermatzera mugatzen duten diskurtsoak ugaritzen ari direlako azkenaldian. Euskararen normalizazioa eta hizkuntza-eskubideen bermea ezin dira hautu indibidualetara edota eskaria eta eskaintzaren logikara mugatu. Euskararen normalizazioa eta biziberritzea eraldaketa sozialeko prozesu bat da, kolektiboa eta justizia sozialean oinarritua, egun gaztelania nagusi den administrazioaren kasuan, euskaraz artatzeaz gain, euskaraz lan egitea bermatuko duena, bai eta euskalduna eta euskaltzalea ere izango dena. Duten arduragatik, erakunde publikoek ez lukete izan beharko errealitatearen eta herritarren ispilu hutsa, baizik eta aitzindari eta eredu.
Horregatik, lege aldaketarako eztabaida Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Legebiltzarrean den honetan, Kontseiluak aldarrikatzen du eztabaida horren emaitza ez dadila oldarraldiari aurre egitera mugatu. Agorturik dagoen egungo hizkuntza-eskakizunen paradigma gainditzeaz gain, euskararen normalizazioak aurrera egin dezan beharrezko arkitektura juridiko berria eman diezaiola eskatu du Kontseiluak. Are, gutxienez gaztelaniak duen estatus bera aitortu behar zaio euskarari, berdintasun juridikoa oinarri, berdintasun sozial eta linguistikorako hizkuntza-politika berri bat ahalbidetuko duena.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión