Adimen Artifizialari buruzko ale monografikoa kaleratu du EHUren 'EKAIA' aldizkariak
Itziar Irigoienek eta Olatz Arregik gidatu duten lanak Hizkuntza Prozesamenduak, Latxa eredua, robotika, sare sozialetan suizidioa antzemateko aukerak, besteak beste, lantzen ditu
J. A.
Sábado, 14 de junio 2025, 12:04
Adimen Artifiziala egunero da albiste, ez beti modu zientifiko eta objektiboan, maiz buloz edo ergi-egi erdi gezurrez inguratua, eta zenbait informazio argitzeko eta hainbat gai lantzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Argitalpen Zerbitzuak kaleratzen duen 'EKAIA' aldizkariak zenbaki berezia eskaini dio. Besteak bestem oinarrizko ikerketarekin lerrokatutako lanak, aplikazioetan enfasi gehiago jartzen dutenak eta baita hausnarketa bultzatu nahi dutenak ere bildu dira. Itziar Irigoienek eta Olatz Arregik gidatu dute ale berezi monografikoa.
Gizartearen arlo gehienetan aldaketa izugarriak eragin bezala, ekarpenak nabarmenak izan dira osasungintzan, garraioan, irakaskuntzan eta beste hainbat esparrutan, azpimarratzen dute. Noski, orain artean izandako egiteko moduak birpentsatzera behartzen du horrek eta sortzen diren egoera berrietan hausnartzea ere ezinbestekoa da. «Adibidez, informatika arloko irakasle garen heinean- diote Itziar Irigoienek eta Olatz Arregik, biak Informatika Fakultateko irakasleak eta ale berezi honen editoreak-, gure buruari galdetzen diogu zer den ikasle batek jakin beharko duena eta zein gaitasun beharko dituen etorkizunean, eta ondorioz, nola ebaluatu behar ditugun ikasleak. Egoerak, orain arteko lan egiteko modua aldatzera behartuko gaitu oso epe motzean: gai baten inguruko lanak, edota programazioko ariketak, adimen artifizialak egingo ditu, eta behar izanez gero, zuzendu ere bai, nolakoa izan behar du ikasle-irakasle harreman pedagogikoak? Zein izango da irakaskuntzaren abiapuntua? Zein kontzeptu irakatsi behar dizkiegu ikasleei, eta zein gaitasun lortu behar dituzte? Gai honek, informatika irakaskuntzatik haratago, hausnarketa sakona eta diziplinartekoa eskatzen du baina une honetan behintzat, argi dago pentsamendu kritikoa, sormena eta arazo konplexuak konpontzeko gaitasuna, ezagutza soila baino gehiago baloratu beharko dugula».
Artikulu batzuk Hizkuntzaren Prozesamenduaren ingurukoak dira, ChatGPT eredua aztertuz aplikazio konkretu batzuentzat, baita bere pareko eredu euskaldunak nola garatu azalduz ere: Latxa eredua, hain zuzen ere. Sare sozialetan suizidio-zantzuak antzemateko hizkuntzaren prozesamenduaren aplikazio bat erakusten da, gaurkotasun eta garrantzia handiko gaia, dudarik gabe.
Robotikaren esparruan ere zeresan handia du adimen artifizialak eta gai hori ere jorratzen da monografikoan, arreta berezia jarriz robot sozialei, hau da, gizakiekin elkarreragiten duten robotei. Hizketaren sintesia ere presente dago: genero-anbiguoko ahots euskaldunen sintesia edo bioseinaleetatik ahotsa sortzeko gai diren sistemak azalduz. Ikasketa automatikoaren hainbat oinarrizko gai lantzen dituzten artikuluak ere badaude.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.