2017a «finkatze-urtea» izan zen Elhuyarrentzat

Elhuyar-en azken ekimenetako bat, Bizilabe proiektuaren aurkezpena, joan den astean Donostian./LOBO ALTUNA
Elhuyar-en azken ekimenetako bat, Bizilabe proiektuaren aurkezpena, joan den astean Donostian. / LOBO ALTUNA

Urteko txostenaren arabera, «egoera ekonomikoa egonkortzea» lortu zuen, eta hazkunde handia izan zuen bazkide norbanakoen kopuruakl

Elhuyar Taldearentzat «finkatze-urtea» izan zen 2017a, izen bereko Fundazioaren patronatuak onartu berri dituen kontuen arabera. Fundazioak jabegoan dituen Elhuyar Zubize eta Eleka sozietate mugatuen kontuak ere ontzat eman ziren bilera berean.

Izan ere, ohar baten bidez zabaldutakoaren arabera, «Elhuyar Taldeak egoera ekonomikoa egonkortzea lortu zuen 2017an, 2016ko joerari jarraituz» eta, horrez gain, «% 25 hazi zen bazkide norbanakoen kopurua».

Oharrak dioenez, «2016an, Elhuyarrek emaitza parekatzea lortu zuen, eta 2017a, berriz, finkatze-urtea izan zen; izan ere, duela bi urteko joera hobetu, eta emaitza positiboa lortu zuen iaz. Elhuyarrek ia 4 milioi eta erdi euroko sarrerak lortu zituen. Horietatik, % 70 produktu eta zerbitzuen salmentatik etorri ziren; % 17, diru-laguntza lehiakorretatik, eta % 13, hitzarmen eta bazkidetzetatik«.

2017an hainbat ekimen berri jarri zituzten abian, horien artean nabarmendu daitekeelarik zientziaren arloan Bizilabe gazteentzako ikerketa-zentroa martxan jarri izana. Bilbon zabaldu zen lehen proiektu pilotua, 2017ko udazkenean, eta, era berean, Azpeitia-Azkoitia aldean, gazteak ikerketara hurbiltzeko urratsak eman genituen. Berriki jakinarazi dute ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren 'Etorkizuna eraikiz' programaren laguntza izan duela, Gipuzkoan Bizilabe sarea osatzen hasteko lehen urrats gisa.

Ohiko proiektuekin ere jarraitu zuten 2017an: «Zientzia gizarteratzen (Teknopolis telebista-saioa, Norteko Ferrokarrila irratsaioa, zientzia.eus webgunea eta Elhuyar aldizkariaren bidez) eta erabiltzaileei hizkuntza-baliabideak eskaintzen. Elhuyar hiztegien webgunea berritzeko, osatzeko eta eguneratzeko etengabe lanean aritzeaz gainera, txertatzen ari gara berdintasun-irizpideak ere: lexiko baztertzailearen azterketa sakona egiten hasi gara, eta hainbat adibide, adiera eta sarrera aldatu ditugu, erabilera inklusiboranzko bidean».

Formula berriak

Hala ere, ekimen horiek guztiek ez dute beti diru-sarrera nahikorik bermatzen. Adibide argienetakoa hiztegia da. «Gurea hiztegi-webgunerik bisitatuena izan arren, formula berriak asmatu beharko ditugu gure webgunearen etorkizun ekonomikoa bermatzeko», gogoratu dute. Erabiltzaileek, edonola ere, jakin dute jasotzen duten zerbitzua eskertzen, eta «aurten, hiztegien webguneko erabiltzaileei eskerrak eman beharrean gaude, arduraz eta eskuzabaltasunez jokatu baitute eta Fundazioko bazkide egin baitira 100 erabiltzaile. Bazkide berri horiei esker % 25 hazi da norbanakoen bazkide-kopurua«.

Norbanako bazkideen bultzadaz gain, «erakunde eta enpresa laguntzaileek ere babestea», Elhuyarrek garatzen dituen egitasmoek aurrera egin dezaten. Une honetan, erakunde laguntzaile hauek ditu bidaide Elhuyarrek: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Usurbilgo Udala. Enpresa laguntzaileak, bestalde, Maier kooperatiba, Tecnalia, Neiker-Tecnalia, Laboral Kutxa, Lagun Aro, Tajo Group, Eika, Irizar, Ulma eta Kide dira.

Txostena, osorik, hemen ikus daiteke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos