Hiru eskualdetako enpresen gaineko informazio lortzeko tresna

Egitasmoan parte hartzen ari diren eskualdeak./
Egitasmoan parte hartzen ari diren eskualdeak.

Oarsoaldea, Debegesa eta Goieki garapen agentziak Mapa osatzen ari dira, GIS teknologia erabiliz

EL DIARIO VASCO

Oarsoaldea, Debegesa eta Goieki garapen agentziek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, GIS -Geografia-informazioko sistema- teknologian oinarritutako tresna berria garatu dute, eskualde hauetan kokatuta dauden enpresei buruzko informazio eguneratua bilatzeko eta eskuratzeko aukera ematen duena. Era berean, enpresek aukera dute bertan azaldu edota informazioa eguneratzeko modu erraz, azkar eta erosoan.

Tresna honek software libreko aplikazioak erabiltzen ditu eta orain arte erabiltzen zen mapa birtualaren funtzionalitateak nabarmen hobetzen ditu. Informazioa modu erraz eta azkarrean kudeatzea eta aldatzea ahalbidetzen du, une oro eguneratuta egon dadin, eta intuitiboa eta erabiltzeko erraza da.

Enpresagida, sustatzaileek ohar batean nabarmendu dutenez, «datu-base sendo, aberats eta zabala da, erabat bisuala. Eskualdea aukera daiteke, herria, industrialdea eta, azkenik, informazioa eskuratu nahi dugun enpresa, sinpleki sagua maparen gainean jarriz».

Tresna erabilgarria da, diote «gertu ditugun enpresa askoren gaineko informazioa begiratu eta eskuratzeko. Halaber, enpresentzat tresna eraginkorra da oso euren instalazioak, produktuak, promozioak, eskaintzak, katalogoak edota zerbitzuak une oro eguneratuta aurkez ditzaten».

Enpresei buruzko informazioa lortzeko bide asko eskaintzen ditu gidak: bilatzaile geografikoa eta kokapenaren araberakoa; izenaren edo aktibitatearen araberakoa; filtroak erabilita kontsulta konplexuagoak egitea ahalbidetzen den bilatzaile aurreratua

Enpresei, berriz, informazioaz gain elementu ugari erakusteko aukera ematen die (katalogoak, bideoak, argazkiak), eta Google-en erreferentziatua egotekoa. Mapa birtualean agertzea nahi duten enpresek edota enpresari buruzko datuak eguneratu nahi dituztenek, euren eskualdeko Garapen Agentziarekin jar daitezke harremanetan. Bertan azaltzeak ez du inolako kosturik enpresarentzat.

Enpresen mapa birtual berria herritarren eskura dago interneten, enpresagida.eus webgunean, baita Oarsoaldea, Debegesa eta Goieki garapen agentzien webguneetan ere. Web aplikazioa APP formatuan ere badago eskuragarri Android Sistementzat GooglePlay-en.