UEUren baitako 'Jakin Jardunaldia' Usurbilen egingo da

UEUko Xabier Alegria, Usurbilgo alkate Xabier Arregi eta Jakin-eko Joan Mari Torrealdai./
UEUko Xabier Alegria, Usurbilgo alkate Xabier Arregi eta Jakin-eko Joan Mari Torrealdai.

Udako Euskal Unibertsitatearekin eta Jakinekin hitzarmena sinatu du Usurbilgo Udalak. Jardunaldiak uztailaren 13 eta 14an burutuko dira

EL DIARIO VASCO

Usurbilgo Udala elkarlanean arituko da Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) eta Jakin-ekin hurrengo hiru urtetan, astelehen honetan sinatutako hitzarmenaren ondorioz. Elkarlanaren ondorioz, Udako Euskal Unibertsitateak, Jakin-ek eta Usurbilgo Udalak UEUren Udako Ikastaroen baitan egiten den 'Jakin Jardunaldia' Usurbilen egiteko elkarlana bideratu dute. Jardunaldi horiek uztailaren 13 eta 14an burutuko dira, gaur-gaurko 'Euskara eta euskarak' gai hartuz.

Hitzarmenaren sinadura-ekitaldian, besteak beste, Xabier Arregi Usurbilgo alkateak, Jakin-eko Joan Mari Torrealdai eta Lorea Agirrek, eta UEUko Iñaki Alegria eta Ane Sarasuak partehartu dute. Usurbilgo Udalaren helburuetariko bat euskal kultura hauspotzea dela nabarmendu du Arregik: "XX. mendean euskal kulturaren plaza garrantzitsua izan zen Usurbil, hemen hazi baitziren Udarregi, Mendiburu, Ez Dok Amairu, Artze, Zumeta edota Alejandro Tapia. XXI. mendean ere hala izatea nahiko genuke, beraz gure ekarpena egin nahi dugu zentzu horretan. Hausnarketa egin nahi dugu, baina hausnarketa ireki, garden, publiko eta politikoa. Interes edota espiritu kritikoa duen jendearekin egingo dugu hausnarketa hori, baina baita herri eta jendarte honen arazoez kezka dutenekin ere".

Iñaki Alegria UEUko zuzendariaren arabera, "UEUren zereginen artean dago topaguneak eskaintzea: ezagutza eta euskara ardatz duten topaguneak, hausnartzeko topaguneak eta eztabaidarako topaguneak. Udako Ikastaroak erakusleiho eta parada ezinhobea dira helburu horiek lortzeko, eta pozik gaude Usurbilera etorriko direlako. Jakin-ekiko lankidetza aurretik dator, Usurbilekikoa berria da, baina herriak duen kultur-tradizio aberatsarekin bat dator".

Bere aldetik, Jakin-eko Joan Mari Torrealdaik "hiru eragileon artekoa elkarlan eredugarria dela aipatu du, herria eta unibertsitatea, jakintza eta jendea batzeko orduan ildo interesgarria irekitzen du". Lorea Agirrek, azken bi urtetan Iruñean zein Baionan egindako jardunaldien esperientzia gogora ekarri du, "Usurbilen ere herri honen egungo gaiak ekarriko ditugu plazara, gogoetara". Jardunaldiok, ikastaroez gainera, ekintza gehigarriak izango dituzte, arratsalde eta gauez, eskaintzaren osagarri.

 

Fotos

Vídeos