Lehen aseguru-artekaritza etikoa sortu da Donostian

Estefania Rodriguez, artekaritzaren arduraduna. /
Estefania Rodriguez, artekaritzaren arduraduna.

Deustuko Unibertsitatearen Innogune eraikinean kokatuta dagoen Nortlanek gizarte proiektura bideratuko du marjinaren %12

EL DIARIO VASCO

Bezeroari eskaintzen dizkion zerbitzuei dagokienez, aseguru-artekaritza arrunta da Nortlan, baina badu berezitasun esanguratsu bat: ikuspegi etiko eta solidarioa. Hain zuzen ere, marjinaren % 12 bezeroak erabakitzen duen gizarte proiektura bideratuko du, kontratatutako aseguruan bestelako kosturik gabe.

Nortlan Donostian ari da aurreneko urratsak egiten, Deustuko Unibertsitatearen Innogune eraikinean. Sustatzaileek diotenez, «Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo aseguru artekaritza etiko eta solidarioa da, eta aseguruen sektorean iraultza dakar, gizarte berrikuntzan oinarrituta eta enpresa txiki eta ertainen gizarte erantzukizuna sustatuta». Artekaritzaren buru Estefania Rodriguez da, Deustuko ikasle ohia. Rodriguezek berriki jaso du Donostiako Sustapenaren saria, ekintzaile profil onenari.

Lanerako konpainiak hautatzerakoan ere eusten dio Nortlanek irizpide etikoari. Aukeraketa egiterakoan, alegia, konpainien ospe teknikoarekin batera horien gizarte erantzukizuneko politikak ere hartzen dituzten aintzat, zerbitzuen hornitzaileen artean jardunbide egokiak sustatu nahi baititu. Izaera solidarioari dagokionez, marjinaren % 12 bezeroak erabakitzen duen gizarte proiektura bideratuko du, kontratatutako aseguruan bestelako kosturik gabe. Proiektu horiek EAEko gobernuz kanpoko erakundeek garatutakoen artean aukeratuko dira eta ekarpena, dohaintza bat baino gehiago, eragineko inbertsio bat dela esan daiteke. Diruak gizarte etekinen bat sortzea bilatzen da. Banakakoentzat, «aukera paregabea da gizarte proiektuak babesteko, kostu gehigarririk gabe; enpresa txiki eta ertainentzat, beren gizarte erantzukizuneko politika abian jartzea edo zabaltzea esan nahi du».

Finantza etikoak

Nortlan EAEko lehenengo aseguru artekaritza etikoa eta solidarioa da eta «zinez uste du negozioaren kudeaketari koherentziaz heldu behar zaiola. Horregatik, negozio ereduan bertan txertatzen du gizarte erantzukizuneko politika eta finantza etikoen alde egiten du. Enpresen etorkizuna gauzak ongi egiteko duten gaitasunak eta ongia egiteko duten gaitasunak baldintzatzen du. Finantza etikoek lortzen dute gure diruak gizartea eraldatzen laguntzea, aldaketa horren konplize egiten baikaituzte, erantzukizun ezaren eta axolagabekeriaren konplize egin beharrean».

Finantza etikoak 4.0 ekonomian sartzen dira, ekonomia mozkina ez baita erabakien erdigunean jartzen: «Mozkina garrantzitsua da, baina hori baino lehenago jartzen da ekonomiako eragile guztien onura. Horregatik, Nortlanek banka etikoarekin egiten du lan, gizarte erantzukizunez jokatzen duten aseguru etxeekin eta energia berriztagarriekin. Finantza etikoen kontzeptuaren baitan dugu, halaber, gizarte erantzukizunez egindako inbertsioa, hau da, errentagarritasun irizpideak eta jasangarritasun irizpideak uztartzen dituena. Inbertsio arduratsuek gizartean eta ingurumenean eragin positiboa lortu nahi dute, etekin ekonomiko edo finantzieroaz gainera».

Jardunbide berezi horrekin, gainera, «Nortlanek aseguruek gizartean duten balio handia berreskuratu nahi du. Aseguruek giza garapenari lagundu izan diote historia osoan zehar, eta elkartasuna oinarri hartuta sortu ziren, kaltetuenen kalteak estaltzen laguntzeko gainerakoen etekinekin. Baina jendeak jada ez du balio hori ikusten, segur aski, arrazoi handiz. Horregatik, Nortlanek sektorearekiko konfiantza berreskuratu nahi du, aseguru etikoez eta solidarioez baliatuz».

 

Fotos

Vídeos